GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Marino

Erretiratu egin dela-eta, hor ibiliko da bilobak paseatzen. Gurasoak lanean eta ikastolan ez dauden tarte horietan kontatuko dizkie bere gaztaroko pasarteak. Nola, orduan hasi berria zen Barricadaren lehen diskoaren erditzean parte hartu zuen. Nola, lagun batzuen artean sortu zuten Euskal Herriko lehen rock diskoetxe independentea. Euskal rockaren prehistorian, azpiegitura egokienak frontoi bat eta bi Sinmarc ziren garaian. Nola, animatu zuen, garagardo eta garagardo artean, Evaristo izeneko Aguraineko gazte lotsagabe bat La Polla Recordsen lehen kantu bilduma kaleratu zezan. Nola egon zen Tuterako jaialdi entzutetsuan eta RRV etiketa bururatu zitzaionaren alboan suertatu zen (ez bazitzaion berari bururatu, ez nago ziur). Ez dakit bilobek sinetsiko ote duten aitonak esandako guztia...

Gutxik esan lezakeen zerbait esan baitezake Marinok; han egon nintzen neu. Eta ez da gutxi euskal musikaren azken 30 urteotako une eta leku klabe gehienetan egotea. Haren begien aurrean, eta ez oso urruti, hazi eta heldutasunera iritsi da Euskal Herriko rock musika. Haren ukitua eduki dute ziztu biziko historia horren lekuko diren disko eta une batzuek. Taldeak sortzen eta desegiten ikusi, ezagutzera eman, arrakasta erdiesten «lagundu» eta bien bitartean arrakasta handirik ez zeukan talde batekin sekula ahaztuko ez ditugun kantuetako batzuei bizitza eman.

Bera han egon zen, eta, horri esker gauza batzuk ikasi ditugu. Adibidez, esperientzia lanbide arantzatsua dela. Adibidez, euskal rockean badagoela jubilatzerik, beldur ematen dit galdetzea nola. Ez dakit, ongi zer esango duten bilobek, baina, une honetan, Lady Gagaren kantu lerdo bat burutik ezin kendurik nabilela, euskal rockero ez hain zaharra etorri zait burura. Bejondeiola.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo