GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Mezuak mezu, Japoniako krisi nuklearra larria da

Azken egunotan, NBEk Gadafiren indarrei erasotzeko baimena eman duen ebazpenaren ondorengo egoerak munduko arreta bereganatu du eta Japoniako krisi nuklearra bigarren informazio mailan geratu da. Fukushiman gertatutakoa ezuste tamalgarria izan da nuklearren aldeko lobby-arentzat eta energia mota horren aldeko diskurtsoarentzat ere; horregatik, ez da harritzekoa Japoniako eta munduko hainbat agintari krisi nuklearraren larritasuna txikiagotzen saiatzea. Aurreko egunetan mezu baikorrak entzun dira erreaktoreen hozte sistema berrezartzea lortzen ari zirela-eta; hala ere, Japoniako Gobernuak Fukushima inguruko erradiazio handia onartu behar izan zuen. Atzo bertan Greenpacek IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari informazio garrantzitsua ezkutatu izana egotzi zion. Mezuak mezu, zentralaren 40 kilometroko inguruan detektatu duten erradiazioa ohikoa baino 400 aldiz handiagoa da; teknikariek zentralaren erreaktoreak hozteko erabili zuten uraren zati bat itsasora itzuli zen; atzo, umeei iturriko ura ematea galarazi zuen Tokioko Gobernuak, hirian edateko uren araztegietan detektatu duten erradiaktibitate maila handia dela eta. Datu horiek guztiak benetan kezkagarriak dira, zalantzarik gabe, eta horiek ezkutatzen edota garrantzia kentzen ahalegintzea, arduragabekeria ikaragarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo