GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gizon bat atxilotu dute alabaren aurkako sexu erasoak egotzita

Senarrak emaztea jo ez zezan eztabaidan sartu zen alaba kolpatu zuen ustez asteartean 48 urteko gizon baten Pasaian. Ertzaintzari bikotearen etxera joan zenean bi emakumeek kontatu ziotenez aitak 21 urteko alaba azken hilabeteotan hainbatetan sexualki jazarri du. Ertzaintzak berehala atxilotu zuen gizona eta atzo goizean eraman epailearen aurrera.

GARA |

Ustez bere alaba fisikoki eta sexualki erasotu duen 48 urteko gizon bat atxilotu zuen asteartean Ertzaintzak Pasaian. Dirudienez, azken hilabeteotan 21 urteko alabak hainbatetan jasan ditu sexu erasoak aitaren eskutik, asteartean berriz, kolpatu egin zuen gurasoen arteko eztabaida batean sartu zela-eta.

Bizilagunek eztabaida gogor bat gertatzen ari zela-eta, Errenteriako Ertzainetxera eman zuten abisua astearteko arratsaldeko 16.00ak aldean.

Behin etxebizitzan zirela emakume batek bere senarrarekin eztabaida izan zuela kontatu zien ertzainei eta, azkenean, aitak ama jo ez zezan eztabaidan sartu zen alaba kolpatu zuela salatu zuen. Alabak aurpegian zein lepoan lesioak zituela ikusi ahal izan zuten agenteek. Era berean, bi emakumeen agenteei kontatu zien aitak 21 urteko gaztea hainbatetan sexualki jazarri zuela.

Ertzainek Errenteriako osasun zentru batera eraman ziztuzten bi emakumeak medikuek artatu zitzaten. Ertzaintza bertaratu zenean gizonezkoa etxean ez bazegoen ere, handik gutxira atxilotu zuten. Atzo goizean, berriz, epailearen esku utzi zuten.

Adin txikikoek Gasteizen

Gasteizen, bestalde, Ertzaintzak adin txikiko bat atxilotu zuen ustez mutil lagunari eraso egiteagatik. Hain justu ere, agenteek 16 urteko neska atxilotu zuten mutila lepoan labanaz zauritzeagatik.

Lakuako Barne Sailak ohar bidez adierazi zuenaren arabera, erasoa astearte iluntzeko 20.00ak inguruan gertatu zen Arabako hiriburuko Coronación auzoan. Etxebizitza batean pertsona bat labanaz zauritua izan zela azalduz deia jaso zuen Ertzaintzak eta gertaera izan zen lekura urbildu zirenean adin txikiko mutil bat lepoan zauri odoltsua zuela topatu zuten. 17 urteko gazteak zauria labanarekin jolasean, «tontoarena egiten» zebila egin zuela esan zien hasiera batean poliziei. Mutila Santiago Ospitalera eraman zuten anbulantziaz eta bertan ospitaleratu zuen. Ordu batzuk geroago, gaueko hamarrak inguruan, baina, gazteak sendagileei aitortu zien eztabaidan ari zirela neska lagunak zauritu zuela lepoan. Ospitaletik ertzainei eman zieten gertaturikoaren berri segidan.

Hala, zaurituarekin hitz egin ondoren usteko erasotzailea senitarteko batzuen etxean topatu eta gauerdia baino lehen atxilotu zuten.

gasteizen

16 urteko neska batek, 17ko mutil laguna lepoan labanaz zauritu zuen asteartean Gasteizen. Mutila ospitaleratua izan zen eta neska atxilotua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo