Irati Mendiguren Cosgaya Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren izenean
Irati eta Bergoi Urtxintxa Eskolan nahi ditugu
Koloretako mundu batean sinesten dugu, parekidetasunean oinarritua, aniztasunean, kulturen arteko hartu-emanean oinarrituriko jendartean, jarrera xenofobo, arrazista eta sexistatik urrun. Bizikidetzan, kritikotasunean eta burujabetzan hezi nahi dugu gure herria, ama lurrarekiko begirunea piztuz, banako eta kolektiboen askatasunaren bila, elkartasunez, errespetuz, euskaraz, maitasunez.
Hori da Irati eta Bergoik beren eguneroko izerdiz borrokatzen dutena. Hala egin dute Urtxintxa Eskolan ere, begirale topaketetan, hezkidetza lantzeko ikastetxeei zuzendutako tailerretan, haur zein nerabeekin lanean, hezitzaileekin euskarazko jolasen bidez balio hauek guztiak jaso, hausnartu eta bere egiten.
Ilusioz eta gogor heldu diote oraingo bidegabekeria eta salbuespen egoera larriari ere. Eta harro gaude. Ausardiaz, beren ideiak defendatu eta bizi eredu justuago baten aldeko lana egiten ari direlako, horrek dakarren sufrimendu eta egoera lazgarriak kontuan izanik ere.
Egunez egun, sinesten duten jendartea eraikitzen joatea da egin duten delitua. Balio horiengatik borrokatzea. Etxean, kalean, tabernetan, aisialdian, asanbladetan... beren izana zabaltzea.
Urtxintxa Eskolaren izenean gure babes eta besarkadarik estuena helarazi nahi diegu eskolako kide diren Bergoi eta Iratiri. Gure eskerrik beroenak diren bezalakoak izateagatik. Langile eta eredu ezin hobeak. Eutsi gogor! Koloretako Euskal Herria zain dugu eta!