Adam Bodor idazle hungariarraren harribitxi bat euskaraz
Unai Elorriaga liluraturik gelditu zen Ádam Bodor deskubritu zuenean. Lau aldiz irakurri zuen «Artzapezpikuaren bisita» liburua; gero euskaratzeari ekin zion, sekretuaren bila, eta gure esku jarri du harribitxia.Maider IANTZI | DONOSTIA
2009an bukatu zuen Unai Elorriagak «Londres kartoizkoa da» bere azkeneko eleberria, eta ordutik hurrengoa prestatzen ari da. Xabier Mendigurenek azaldu bezala, Elorriagaren liburu batetik bertzera denbora pasatzen da, baina ez alferra delako, entrenatzeko itzultzen aritzen delako baizik. «Literaturarekiko amodioa sentitzen du eta orain aurkeztu behar dugun lana horren emaitza da», adierazi zuen atzo Elkar aretoan egindako ekitaldian. Gurean ezezaguna den Adam Bodor hungariarraren «Artzapezpikuaren bisita» liburu bitxia euskaratu du bilbotarrak.
«Tarteka ostera batzuk egiten ditut Ekialdeko Europara -hasi zen kontatzen-. Gerrak, diktadurak bizi izan dituzte; asko bizi izan dute, eta 1940-50 urte inguruan jaiotako idazleak oso-oso interesgarriak izaten dira, beti dutelako zerbait proposatzeko». Bodor topatu zuenean txundituta gelditu zen. Literatura oso ona eta sakona sumatzen zuen eta lau aldiz irakurri zuen hariak harrapatu nahian, nola josi zituen jakin nahian.
«Halako batean ohartu nintzen testu bat ondo ulertzeko modu perfektuenetakoa itzultzea dela, eta ikasteko, ariketa moduan, euskaratzeari ekin nion».
Mendigurenek Karoly Morvay linguista hungariarraren berri eman zion eta berak lagundu zion itzulpena berrikusten. Esperientzia ederra izan zen; Elorriagak euskarazko itzulpena bidali eta Morvayk gaztelaniazkoarekin eta hungarierazkoarekin konparatu, erkatu eta hagitz ohar politak egin zizkion.
Deskolokatu egiten zaitu
Baina zergatik da «Artzapezpikuaren bisita» hain liluragarria? Unairen arabera, deskolokatu egiten zaituelako. Eta literatura onak egin dezakeen gauzarik ederrena oreka galaraztea da, jarraitzen dugun ildotik ateratzea. Adibidez, ez zekien zein sasoitako istorioa den. XIX mende hasierakoa ala amaierakoa?, pentsatu zuen. Edo XX. mendekoa?, iruditu zitzaion geroago. Eta, bat-batean, liburuaren erdialdera 4x4 bat agertu zen. Halako puntu ironikoak daude.
Istorioa sinple eta ederra da: gizon bat ailegatzen da herrixka batera, aitaren gorpuzkinen bila. Iritsi bezain laster arropa eta diru guztia lapurtzen diote, ordea, eta diktadore erlijiosoen herria denez, berak ere sotana jantzi eta konfesore bezala lanean hasten da. Aita kontrabandista zuen, pertsonak herri batetik bertzera eramaten zituen. Izan ere, egun batean ekaitz handi bat lehertu eta ibaia lekuz aldatu zen eta bat-batean jendea herrialde batekoa izatetik bertzekoa izatera pasatu zen. Era poetikoan, Europako zati horretako historia kontatzen du, nola gerren ondorioz pertsona bat, mugitu ere egin gabe, hasieran Txekoslovakiakoa izan zitekeen, gero Hungariakoa, gero Eslovakiakoa, SESBkoa...
Bodorren obra pilulaz beteta dago: bat sentsuala, erotismora, pornografiara heltzen dena; bertzea poetikoa; hurrengoa irri egitekoa, surrealista, adarra jotzen duena... Denak jan ditzakegu: arin, gozo... eta euskaraz.