GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Proiektu abertzalea gero eta ulergarriago eta ulertuagoa da»

p017_f02.jpg

Daniel Olzomendi
EHBAI-ren hautegia, iholdiko kantonamenduan

Datorren igandean egitekoa den hauteskundeen bigarren itzulian aurkezten den hautagai abertzale bakarra da. Aspalditik Paueko Kontseiluan dagoen Jean-Louis Caset (eskuina) izango du aurrez aurre. Itxaropentsu dago alternatiba izan daitekeelako eta abertzaleen proiektua gero eta ulertuagoa delako.

Arantxa MANTEROLA | IZURA

Igandeko bigarren itzulira begira, kanpainako zereginetan buru-belarri ari da Iholdiko kantonamenduko hautagai abertzalea.

Zer harrera egiten dizu jendeak?

Etxez etxe joaten garelarik sentitzen dut gauzak kanbiatzeko nahia badela. Eta gogo hori igandeko emaitzetan ageri da. Halere, 800 pertsona ez ziren bozkatzera joan. Horiek eta beste hautagaiek jasotako bozak ikusirik, oraindik poltsa garrantzitsu bat bada aldaketarako. Nik Casetekin 254 bozen aldea dut baina, guztira, badira 1.600 hautesle Caset jauna bozkatu ez dutenak. Enetzat, hor ageri da aldaketaren nahia.

Baina oro har igandeko lehen itzulian izan zen abstentzio izugarriarekin alderatuz, Iholdiko kantonamenduan askok bozkatu zuten...

Bai, baina oraindik gehiagok bozkatzen ahal du. Anitzetan jendea ez da bozkatzera joaten beren bozak zerbait aldatu dezakeenik ez dutelako uste. Baina ez da horrela. Bide horretatik doa orain nire lana eta mezua. Aldaketarako botoa mobilizatu behar dugu. Aldaketa nahi dutenek ahalegin hori egin behar dute.

Zu asko engaiatu zinen 2x2 bidearen kontrako borrokan. Izurako auzapeza zira. Jendeak ezagutzen zaitu... baina Iholdiko kantonamenduak eskuina edo zentro-eskuina bozkatu du beti. Nola interpretatzen dituzu EHBai-k igandean lortutako emaitzak?

Nire iritziz proiektu abertzalea gero eta ulergarriagoa eta ulertuagoa da. Jendea ohartzen da abertzaleek bere gain hartzen dutela lurraldearen geroa. Adibide asko ukan ditugu azken urteotan: 2x2 autobidearena Leia elkartearen baitan, Laborantza Ganberarena, orain gori-gorian den AHT burdinbidearena... Jendeak ikusten du borroka horietan guztietan abertzaleak asko inplikatzen direla eta beren ekarpena egiten dutela. Eta gero taldean lan egitearen abantaila dago. Herrian taldeak ematen dizun indarra erakutsi ahal duzu eta proiektu politiko bat kudeatzeko gai zarela frogatzen duzu. Hori ikusten duelarik, jendearen konfiantza areagotu egiten da. Herritarren etxeetara joan garenean hori argiki sentitu dut eta biziki kontent naiz.

EHBaik emaitza onak jaso dituela dio, batez ere, barnealdean baina BAB-n betiko zailtasunak ditu. Zergatik zure ustetan?

Hiri nagusiak gero eta «frantximentago» bilakatzen ari dira. Proiektu abertzalea eta euskalduntzeko dinamika zailtasun gorrian daude kostaldean, egia da. Lan pedagogiko handia egin beharra daukagu. Barnealdean hurbiltasun gehiago dago eta errazago da gure proiektua esplikatzea.

Ipar Euskal Herrirako instituzio baten eskakizuna izan da EHBairen gai nagusietakoa. Instituzio propioarekin gauzak hobeto joango liratekeela pentsatzen al dute herritarrek?

Usaian bezala, eskakizun hori abertzaleek plazaratu dute baina seguru naiz, urte batzuen buruan, agerian geratuko dela abertzaleok arrazoi genuela. Ezagupen instituzionala edukitzea hoberena da, eta ez soilik abertzaleentzat, gizarte osoarentzat baizik. Lan asko geratzen da egiteko, baina jadanik zati bat egina ere bada.

Zein dira zure kantonamenduan jorratuko zenituzkeen gai nagusiak?

Euskara da bat. Kantonamendu hau da euskara ikasteko aukera apalenak dituena. Gure haurren laurdenek soilik dute euskara eskolan ikasteko aukera. Izan eskola elebidunen edota ikastolen bidez, bide horiek plantan eman behar dira. Bigarrenik, kontuan hartuta Atharratzekoarekin batera gurea dela kantonamendu «zaharrena», egiturak sortu behar dira nahitaez, bai adineko jendea, bai elbarriak ere artatzeko. Ekonomiaren alorrean, artisauak eta industria ttipiak instalatzeko lurrak eskaini behar dira. Laborantza iraunkor eta kalitatezkoa laguntzeko transformazio guneak behar dira; ekoizleek beren produktuak hurbilago sal ditzaten, egiturak sortzen lagundu behar du Kontseilu Nagusiak.

Hautatua izango bazina, zein litzateke Pauen planteatuko zenukeen lehen gaia?

EHBaik lau galdera pausatu dizkie hiru alderdi nagusiei (Forces 64, PS eta UMP). Ezagupen instituzionalari buruz, euskarari buruz, AHTri buruz eta bake prozesuari buruz. Horiek dira gure lehentasunak. Erantzun horien beha gara.

Eta Kontseiluko burua aukeratzeko, norbaiten alde bozkatuko zenuke?

Hori erabaki kolektibo bat izanen da. Ez dut nik bakarrik erabakiko. Gainera, lehen aipatu gaiez argiki erantzun beharko dute. Guk proiektuak lagunduko ditugu, baina Euskal Herriarentzat ez bada deus, ez dugu gure bozekin parte hartuko.

 

INSTITUZIOA

«Instituzio propioa izatea da hoberena, baita abertzale ez direnentzat ere»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo