Atez ateko zabor bilketari esker, iaz %80,51eko birziklatze mailara iritsi ziren Hernanin
GARA
Hernanin atez ateko bilketa iazko maiatzean hasi zenetik, eta abendura arte, birziklatze mailak %80ko langa gainditu duela adierazi du Hernaniko Udalak. Garai batean %35era ozta-ozta iristen zen.
Organikoei dagokienez Lasarte, Astigarraga, Urnieta, Andoain eta inguruko beste herriek zero gramo organiko biltzen dituzten bitartean, Hernanin, atez atekoari esker, 1.200 tona organiko bildu dituztela adierazi dute prentsa-ohar baten bidez.
Marian Beitialarrangoitia alkateak dioenez, «ez dago atez atekoaren emaitzak gainditzen dituen beste bilketa sistemarik, izan ere, Donostiako Amara auzoko bizilagun bakoitzak 8,43 kilo organiko biltzen ditu, azpeitiar batek 5,34 eta zarauztar batek 6,23. Hernaniar bakoitzak aldiz, 47, 58 kilo organiko».
Beitialarrangoitiaren hitzetan, «hernaniarrak dira gehien birziklatzen duten gipuzkoarrak, izan ere, herritar bakoitzak sortzen duen errefusa (34 kilo) baino lau aldiz gehiago birziklatzen du (140 kilo) eta hori harro egoteko modukoa da».
Etorkizunera begirako asmoak ere aipatzen ditu. «Bide berriak ezartzen ari gara, hutsegiteak zuzentzen, baliabideak optimizatzen, txotx garaian sagardotegien eskaerei arrakastaz heltzen... Asko dugu oraindik egiteko, baina norabidea finkatu dugu».
Funtsezkoena kontzientziazioa
Kontzientziazioan ez dutela etsiko adierazi du alkateak, «tonaka inbertituko dugu eta ez gara aspertuko, konponbidea ez da hondakinak sortzen eta errausten ibiltzea, hondakinak murriztea baizik».
Ondorioz, ekainaren 1etik aurrera herriko jaioberri bakoitzari ohiko opariaz gain, pixoihal berrerabilgarri bat oparituko diotela jakinarazi dute. Kontuan hartu beharrekoa baita gaur egun sortzen den errefusaren zati handi bat haur-oihalek osatzen dutela, «familiek jakin behar dute eraginkorragoak direla, baita merkeagoak eta ingurumena zaintzeko modu aproposenak ere».