GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gasteizko Parlamentuko bitxikeria normalak

Aurreko presidente espainiar Jose Maria Aznarrek ordezkatzen duen eskuineko sektoreak azken aldion zabaldutako mezu «zentralizatzaileari» aurre egiteko, ustez, PSEk proposamen bat aurkeztu zuen atzo Gasteizko Parlamentuan, «autogobernuaren» defentsan. PSEko bozeramailearen diskurtso arranditsua, ordea, abertzaletasunaren kontrako aldarria bihurtu zen berehala, eta eztabaida betikora itzuli zen, betikoen artean: batetik PSE eta PP autonomi-markoaren aldekoak, eta EAJ, EA, Aralar EA eta EB marko hori gainditu eta erabakitzeko eskubidearen aldekoak bestetik. Eztabaidaren bukaera Euskal Herriko soziopolitikaren berri ez dakienari bitxia irudituko litzaioke, baina normala edozein euskalduni: PSEren proposamena onartu egin zuten... PPren sostenguarekin.

Lekuz kanpokoa ematen du atzoko proposamenak; nolanahi ere, konstituzio -eta autonomia- markoaren defentsa zilegi da, jakina, herri honetako aukeretako bat da-eta, herritar gehienena ez bada ere. Zilegi da beste edozein aukera politiko bezala. Ez da zilegi, ordea, haren aldekoek beste aukera batzuk -bereziki independentzia- gauzaezin edo legez kanpo nahi izatea. Eta iruzurra da Estatu espainolaren egituraketa inposatzearen defentsa euskaldunen autogobernuaren defentsa gisa aurkeztea. Iruzur nabarmen eta trauskila, baina iruzurra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo