Mikel Jauregi Kazetaria
Ume mokoaren debekua
Umetan «Ipurbeltz» irakurtzeko zaletasuna nuen. Horietako bat aspaldi honetan buelta eta buelta darabilkit buruan. «Debekatuta debekatzea» esaten zuen haur batek protesta modura kontakizunaren amaieran. Haserre zegoen, jolastokian, eskolan, plazan, zelaigunean... gauza gehiegi debekatzen zizkiotela iruditzen zitzaiolako: jolasean aritzea, belarra zapaltzea, loreak hartzea, zakarrak lurrera botatzea... Eta azkenerako, matxinatu egiten zen emakume batek beste zerbait -ez dut gogoan zer- debekatzen ziolako. Bere erantzuna logikoa izan zen: «Debekatuta debekatzea».
Arautu beharraren arautu beharraz, debeku sistematikora jo dugu. Eta konplitzen ez duenarentzat, isun sistematikoa. Edo bazterketa. Edo espetxea. Ezin da tabakorik erre, ezin da azkar gidatu, ezin da bi minutuz bada ere autoa espaloi gainean utzi, ezin da herriko plazan hormaren aurka futbolean edo pilotan jokatu, ezin da iraindu, ezin da jo, ezin da plastikozko ontzia zabor organikoaren edukiontzian sartu, ezin da manifestaziorik egin, ezin da grafitirik egin, ezin da etxe hutsik okupatu, ezin da kaskorik gabe bizikletan ibili, ezin da pankartarik jarri, ezin da... Dena gure hobe beharrez. Zibilizatuak izan behar dugulako. Bizikidetzaren mesedetan. Gure osasunak eskertuko duelako, eta gure poltsikoak.
Hori bai, horren arduratuta ageri diren erakunde publiko horiek, bide batez, dirutza etxeratuko dute zigarreta paketea 35 xentimo kolpetik garestituta eta bere kuota zuzen asko pagatzen duen bazkidea elkarte gastronomikoan purua erretzen harrapatuta. Donostiako Udaleko diru-kutxa poztuko da berriz ere bizikletek txirrinik eramaten ez badute edota bidegorri sarean udaltzainek bost gaztetxo monopatinean harrapatzen badituzte. Jarriko dituzte, bai, radarrak non nahi. Eta metro karratuko, polizia bat.
Estreinako honetan, «Ipurbeltz»en zenbaki hartan ume moko hark emakumezko zatar hari esaten ziona aldarrikatu nahi dut. Aspertu naizelako horrenbeste debekuz. Eta, beste behin ere, legea eskas aplikatu eta politika egiten duen epaitegi batek debekuaren apologia egin duelako.