Berezkoak
Ezkurrak eta Etxetok finalerdietara sartzeko aukera ezin hobea dute
Jon LEUNDA
Ezkurra I.a-Etxeto izan daiteke finalerdietarako txartela lor dezakeen lehen bikoa. Horretarako, gaur, 20.00etatik aurrera, Senperen jokatuko duten partida irabazi behar dute. Aurrez aurre, Ibarrola eta Jannots izango dituzte.
Bikote lapurtarrak pasa den igandean irabazi egin zuen bere norgehiagoka, eta gaur gauza bera egingo balu, matematikoki, eta inori begira egon beharrik gabe, finalaren atarian izango litzateke. Ibarrolarentzat eta Jannotsentzat lehen partida izango da bigarren fase honetan. Landesetako atzelariak lehen fasea ere jokatu behar izan du, eta han gibeleko onena izan da. Maila hori orain erakustea dagokio, ordea.
Bere lagunak, Ibarrolak, izango du, hala ere, erantzukizun handiena. Nafarroa Behereko aurrelariak min handia egiten du binakakoan. Txapelak janztea zer den ere badaki, eta sakearekin asmatzen baldin badu, sekulako triskantza egin dezake.
Faboritoak, ordea, Ezkurra beteranoa eta Etxeto dira. Azken hau da egun dagoen atzelaririk onena. Sasoi bikainean dago, eta pasa den igandeko norgehiagokan ere berak markatu zituen diferentziak. Haren babesean Patrickek ere lan handia egiten du. Teknikoki pilotari handia da, eskarmentua soberan dauka, eta biak txapela irabazteko faboritoen artean sartzen dira.
Ibarrolak eta Jannotsek galtzen baldin badute, final-laurdenak jokatzera derrigortuta egongo dira.