Gazteek egindako dokumental bat gaztetasuna ezaugarri duen Euskaltzaindia omentzeko
AEK-k eta Korrikak ekitaldia eginen dute gaur Euskaltzaindiari bere lana eskertzeko (19.00etan, Kursaaleko kubo txikian). Bertan emanen duten «Zenbait gazte ausart» dokumentalaren egileekin mintzatu gara.Maider IANTZI | DONOSTIA
«Zenbait gazte ausart» dokumentaleko protagonistari, Olaia Juaristiri, Euskaltzaindiari buruzko lan bat agindu diote unibertsitatean. Ikertzen hasi da eta harrapatu egin du historiak. Jada ez du erakundea lehengo begiekin ikusten, konturatu baita gaztetasuna eta grina ere bere ezaugarriak direla.
Antzeko zerbait gertatu zaie filma grabatu duten ikasleei ere, Mondragon Unibertsitateko Iker Ugalderi, Ekaitz Herrerari eta Alexander Silvari. «Irailean deitu ziguten unibertsitatetik proiektu hau eskainiz eta argi ikusi genuen erronka handi bat zela. Jendeak badu Euskaltzaindiarekiko halako ikuspegi zaharkitu bat, eliz kutsua daukana, urrutikoa... Eta hori erakargarri bihurtzea zaila izan zitekeen. Gero, eurekin lanean hasi ginenean, AEKrekin ere bai, eta kalera irten ginenean jende ezagunari galdetzera, jabetu ginen baietz, oraindik zenbaitentzat zerbait urrutikoa dela, edo zerbait zaharra. Baina badago aitorpen bat eta eskertzen dute beren lana. Kazetari askorekin elkartu gara eta esaten zuten lana zaildu dutela, baina erraztu ere bai era berean», kontatu digu Silvak.
Egia da euskaltzainen adinaren batez bestekoa altua dela; gehienak, ordea, gazte-gaztetan hasi ziren euskararen alde lanean. Gainera, Euskaltzaindia bera gaztea da bertze akademiekin konparatzen baldin badugu, eta, Ikus-entzuneko Komunikazioa bukatzen ari diren ikasle hauek egiaztatu dutenez, bertako kideek 20 urte balituzte bezala egiten dute lan, sekulako indarrarekin. Jean Haritschelarrek 80 urte baino gehiago ditu, baina edonor txunditzeko indarra eta gogoa ere bai.
Guztira 30 pertsona baino gehiago elkarrizketatu dituzte, eta era batean edo bertzean denak izan dira garrantzitsuak filmaren egileentzat. Alde batetik, euskaltzainburua, Andres Urrutia, eta euskaltzainak; bertzetik, Xabier Euzkitze, Estitxu Fernandez, Karmele Jaio... Denekin ikasi dute zerbait.
«Urte pila bat islatu behar genituen eta oso pisutsua gera zitekeen. Orduan, blokeak osatu eta lotzeko fikziozko zati batzuk txertatu genituen. Horretarako aktoreak behar genituen eta protagonista unibertsitateko ikasle bat izatea iruditu zitzaigun egokiena. Olaia Juaristi animatu zen lan hori egitera eta bikain aritu da». Juaristiz gain, bertze aktore bat agertzen da, Maite Gońi irakaslea, lana ematen diona.
Gure bizitzetan islatzen da
Egileak kontent daude emaitzarekin eta orain publikoari tokatzen zaio baloratzea. Alexanderrek denak animatzen ditu ikustera: «Euskaltzaindia erakunde bat delako, baina erabakitzen duenak herrian duelako isla, gure bizitzetan, lanean, hizkuntzan eragiten du. Orduan, zergatik ez jakin zer historia izan duen, nola hartzen dituzten erabakiak, aurrera begira zer erronka dituzten, norekin egiten duten lan, zergatik, zer irizpiderekin...?».
Ordubetean euskararen historiaren zati bat ezagutzeko aukera ematen dute gazteek. Euskaltzaindiarekin, AEKrekin eta Korrikako antolatzaileekin lan egin dute, eta zinez eskertzen diete aukera hau eman izana. Benetan gustura gelditu dira denak emaitzarekin eta berari ere gustatzeko esperantzarekin oparituko diote publikoari.
Ekitaldia:
Euskaltzaindiari omenaldia.
Lekua:
Donostiako Kursaal jauregiko kubo txikia.
Eguna eta ordua:
Gaur, 19.00etan.
Antolatzaileak:
AEK eta Korrika.