Busturialdeko garapen eredu solidarioa abian jartzeko ituna osatu dute
Busturialdean Lan eta Bizi plataformak eskualdeak bizi duen egoera larriari aurre egiteko gutxieneko irizpideak biltzen dituen ituna osatu du. Apirilaren amaiera bitartean herritarrengana nahiz eragile politiko, sindikal eta sozialengana joko dute euren atxikimendua lortzeko.
A.Z.
Busturialdean Lan eta Bizi plataformak eskualdearen gainbehera geldiarazi eta garapen iraunkorra sustatzeko «Busturialdearen aldeko ituna» osatu du. Pasa den astean aurkeztu zuten aipaturiko ituna, eta bertan jasotzen diren gutxieneko irizpideen alde «herri ekimen sakon eta indartsua» bultzatzeko asmoz, apirilaren amaiera bitartean eskualdeko herritarrengana ez ezik, gizarte eragileengana ere joko dute, bereziki, kultura, ekologia, politika, ekonomia eta sindikalgintza alorretan dihardutenengana, euren babesa lortzeko helburuz.
Busturialdeak bizi duen egoera sozial eta ekonomikoaz «oso kezkaturik» daude plataforma osatzen duten EHNE, LAB eta ELA sindikatuak, ezker abertzalea eta Aralar talde politikoak, baita Gernika-Lumoko ekologia tailerra, Zain dezagun Urdaibai taldea eta Ieup! gazte asanblada ere. Izan ere, plataformaren arabera, azken 30 urteetan milaka lanpostu suntsitu dira Busturialdean, batez ere, arrantza, nekazaritza eta industriako jardueretan. Azken bi urteetan 1.120 lanpostu suntsitu dira.
Eskualdetik kanpora lan bila
Era berean, gizartea zahartzen ari den bitartean, populazio aktiboaren %35 eskualdetik kanpora joan behar da lan bila, Busturialdean Lan eta Bizi-k esan duenez. Emakumeen eta gazteen langabeziak, eta «kontratuen prekarietateak» egoera larri hori aregotzen dute. Jasaten duten «eredu desarrolista eta inposatzaileagatik» ere kezkatuta daude: basoen higadura, landa lurretan egiten ari diren urbanizazio eta etxeak, Errigoitiko zentral termiko «erraldoia», Bizkaiko Aldundiak bultzatutako Guggenheim frankizia eta autobideak. Hala, «gobernu eta talde politiko batzuen laguntzaz» egun indarrean den «kapitalismo eredu basatiak» ezartzen dituen «duintasunaren aurkako lan eta bizi baldintzen erreforma jasanezinak» baztertzen dituzte.
Egoera «oso kritikoa» bada ere, plataformak argi du zuzentasunez jokatuz, egoera larria gainditu eta egungo eta biharko belaunaldiek Busturialdean lan eta bizitzeko aukera izango dutela. Garapen eredu iraunkor, orekatu eta bidezkoa lortzeko baina, Busturialdeko biztanle guztien artean elkarrizketa sakona eta solidarioa beharrezkotzat jotzen du plataformak.
Batzordea sortu
Ildo horretatik, osatu duten itunean Busturialdea jasaten ari den egoera sozioekonomiko larriari dagokion irtenbidea denon proposamen eta ideietan oinarritu behar dela aldarrikatu du Busturialdean Lan eta Bizi-k. Horretarako, Gasteizko Gobernuak 1998. urtean dekretuz onartutako «Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapen eta Garapenerako Egitaraua» (JASEGE) eredu gisa hartzen dute. Bertan tresna izaera duen Jarraipen Batzordea eratzea proposatzen da, eta hain justu, batzorde hori lehenbailehen martxan jar dadila eskatzen du plataformak.