GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Areto futbola Ohorezko Maila

Azken partidetan baino sendoago atera beharko du Trimanek gaur Arrosadian

J.L.

Kontzentrazioa, hori eskatu beharko zaio Triman Navarrari gaur gauean, 20.30etik aurrera Arrosadiako kiroldegian Manacorren aurka jokatuko duen norgehiagokarako.

Berdeentzat partida garrantzitsua da play offetan sartzeko daraman borroka horretan. Azkeneko neurketetan hasiera oso txarra izan dute nafarrek, eta horrek pasa den astean eragina izan zuen. Orain bi aste 0-4 galtzen hasi eta partidari buelta eman zioten, baina pasa den astean 6-0 jarri ziren atzetik, eta oso azkar, gainera. Horri ezin izan zioten bueltarik eman.

Horregatik, Imanol Arregi entrenatzaileak gogora ekarri du horrelako hasierekin jai dagoela, eta lehen segundotik atera behar dela gogor, partidak ihes ez egiteko. Manacor denboraldi ikaragarria ari da egiten, goiko muturrean dabil, eta Ligako ezuste nagusietakoa bihurtu da. Taldean, gainera, Miguelin daukate, mailako golegile nagusia, 32 golekin, eta berarekin ere kontuz ibili beharko dute jokalari euskaldunek, golak egiteko ikaragarrizko erraztasuna duela agerian uzten ari baita behin eta berriz.

Jokalariei dagokionean, David Gascon izango da berdeen baja bakarra. Nafarren atezaina gaixorik egon da azkeneko egun hauetan, gripeak jota, eta ez dago gaur jokatzeko moduan. Zaleei gogora ekarri behar zaie, gainera, gaur leku aldaketa dutela, partida ez baita Unibertsitateko Pabiloian jokatuko, Arrosadian, baizik.