Jose Ramon Etxebarria fisikariak jaso du Elhuyarren Merezimendu saria
CAF-Elhuyar sariak banatu zituzten atzo Usurbilen, zientzia eta teknologiari buruzko testu onenak nabarmenduz. Naroa Aldanondo, Jose Maria Rivadeneyra, Xabier Martin eta Aitzol Lasa izan ziren egile hautatuak.
GARA | USURBIL
Zientzia eta teknologia gaiak zabaltzea eta aldi berean, ulerterraz eta erakargarri izan daitezen lortzea ez da nolanahiko lana. Hain zuzen, 1994. urteaz geroztik, CAF-Elhuyar sariak banatzen dituzte bi erakundeok helburu bikoitza betetzea lortzen duten testu edota artikulu onenei. Usurbilen atzo egin zuten azken edizioko sari banaketa, eta bertan, Jose Ramon Etxebarria ingeniariak Merezimendu saria jasotzeaz gainera, Jose Maria Rivadeneyra informatikaria, Naroa Aldanondo Biologian doktorea, Aitzol Lasa matematikaria eta Xabier Martin kazetariaren argitalpenak aintzatetsiak izan ziren.
Kategoria bakoitzeko sariak banatu aurretik, Etxebarriak «euskarazko zientzia eta teknologiaren kulturan egindako lanagatik» Merezimendu saria jaso zuen Eustakio Arrojeria Elhuyar Fundazioko lehendakariordearen eskutik. Saria, finean, ingeniari eta irakasle honek «azken berrogei urteotan zientzia eta teknologiaren arloan euskarari eta euskal gizarteari egindako ekarpen oparoaren» omenaldia izan zen.
Antxoak, begiak eta bizikletak
«Merezi ote digu banda-zabalera handitzea?» artikuluarekin eskuratu zuen Rivadeneyra informatikariak Dibulgazio-artikulu orokorren saria. Epaimahaiaren iritziz, «egileak asmatu egin du era ulergarrian azaltzen gai tekniko eta itxuraz lehor bat». Usurbildarrak «adibide eta analogia errazak» erabili dituela azaldu zuten. Gainera, «egileak kontsumitzaileen lekuan jartzea lortzen du, eta era erraz batean, Interneteko banda-zabalera handiagoa kontratatzea merezi ote duen azaltzen du».
Egunerokotasunean aski ezagunak dira antxoak ere. Hain zuzen, horren inguruan ikertutakoa bildu zuen «Antxoaren gorabeherak ulertu nahian» argitalpenean Naroa Aldanondo Biologian doktoreak, eta atzo, horregatik jaso zuen saria Egilearen doktore-tesian oinarritutako artikuluen atalean. «Lehenengo lerroetatik irakurlea harrapatzea lortzen du, eta jakin-mina pizten dio», adierazi zuen epaimahaiak.
Kazetariek ere gero eta gehiago idazten dute zientziaren inguruan, eta horren erakusle da zientzia-kazetaritzako saria eskuratzeko lanek osatzen dutela orotara aurkeztu direnen ia laurdena. Saria Xabier Martin Tejeria kazetariak eskuratu zuen «Kate bereko begiak» lanagatik. Erreportajean, Homo sapiens eta Homo neanderthalensis espezieen arteko ahaidetasuna eta harremana aztertu zituen Martinek gure genoman neandertalen geneak daudela -% 1 eta % 4 artean- datutik abiatuta.
Azkenik, fikzioan oinarritutako istorioari esker gailendu zen Aitzol Lasa gaztea, gazteei zuzendutako zientzia-narrazioa atalean. «Bizikletak»-en, «hizkera freskoa eta lotsagabea» erabili ditu; poesia eta zientzia uztartu. Lasak urtebeteko epea izango du proiektu hau liburu bilakatzeko eta bere hitzetan, «narrazioan agertuko diren zientzia-gaiak atmosferari eta zeruari loturik egongo dira».
Arrantzaren eraginaz gain, antxoaren populazioak gorabehera handiak izaten ditu urte batetik bestera. Lehen faseko prozesuetatik abiatuta, Naroa Aldanondok arrain hauen «kutxa beltzak» irekitzea lortu du.
Estibalitz zientzialari iaioa da eta berekin seko maiteminduta dago Odei, zientziak gorroto dituen mutikoa. Udazkeneko goiz batean, ezustean elkar topo egingo dute. Horixe da «Bizikletak» istorioaren muina.