GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Helios Del Santo AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea

Eskerrik asko!

Azken batean, herritar askok, modu desberdinen bidez, babesa ematen diote AEKren lanari. Ondorio argia dugu: AEKren aberastasuna herritarrak dira. Eskerrik asko

Mutiloa, Gares, Noain, Berriozar, Erro, Sartaguda, Lodosa, Eugi, Zarrakaztelu, Mañeru, Castejon, Jaitz, Abartzuza, Lakabe, Irurtzun, Artaxoa, Larraga, Agoitz, Lodosa, Garinoain, Tutera, Uterga, Mañeru, Torres, San Adrian, Ultzama, Burlata, Larraun, Baztan, Berriozar, Zizur, Aezkoa, Biurrun, Espartza, Tafalla, Sakana, Zaraitzu, Lizarra...

Zein da zerrenda horren osagai komuna? Nafarroako AEKren taldeen mapa irudikatzen ahal duzue zerrenda horretan. Etxean edota eskolan euskara ikasi ez duten herritar askok euskara ikastea erabaki dute eta horren ondorioz han eta hemen aritzen gara AEKideok. AEKren helburu nagusia euskararen normalizazioa da, euskaraz bizi nahi duen herria, eta horretan gure ekarpen nagusia euskalduntze lana dugu; beraz, zoriontzekoa da herritar horien ahalegina, denboran eta dirutan, euskara haien eguneroko hizkuntza bihurtzeko asmoz. Zorionak eta eskerrik asko!

Aipatu lekuetan (Tuterako Hizkuntza Eskola kenduta) heldu horiek euskara ikasteko duten aukera bakarra AEKren euskaltegi eta gela desplazatuen sarea da. Horietan AEK-k duen irakasle taldeen lana ere goraipatu nahi dugu. Ahalegin handiz ari dira urteotan herritarrei euskararen ikaskuntzan laguntzen, maila, modu eta ordutegi desberdinetan. Herrian bertan edota autoa hartuta hainbat herritara azaltzearren. Gogoko tokian, aldaparik ez. Zuei ere, zorionak eta eskerrik asko!

Horrez gain, hasieran plazaratutako zerrenda horretan ez da ageri AEK-k Iruñean duen euskaltegi sarea, auzo gehienetara iristen dena. Eta hiriburuan euskara ikasteko aukerak (Administrazioarenak barne) askotarikoak diren arren, AEKren ikasle multzorik handiena bertan dugu. AEKren eskaintza eta metodologia lehenetsi eta egunero 600 bat lagun hurbiltzen dira hiriburuko euskaltegietara.

Beraz, geure buruari jarritako erronkarekin jende askok bat egiten du, urteotan milaka lagun animatu dira euskaltegi batean izena ematera, eta beste ehunka lagun ari dira irakasle, euskara ikasteko abentura zoragarrian herritar horien laguntzaile. Eta babes horren jabe, AEK-k tinko eutsi dio bere lanari; metodologia berritzailea praktikan jarri eta ekimen desberdinak aurrera eramatearekin batera, konpromiso horren erakusgarri dugu azken urteotan bai Iruñeko Donibane auzoan bai Lizarran irekitako euskaltegi berriak.

Hala ere, AEKk duen babesa ez da horretara mugatzen, ezta pentsatu ere, ikasle zein irakasle askok egindako hautua gauzatzea erronka handia baita. Ahalegin ekonomikoa izugarria da eta gainera, hein handi batean, gure bizkar hartu behar dugu Nafarroan helduoi euskara irakasteko lanaren kostea.

Berriki errealitate hau hitzekin baino, irudien bidez azaldu nahi izan dugu han eta hemen harrera bikaina izan duen bideoarekin. Istorio horretan irakasleak, erdi biluzik, azaltzen zaizkigu, Iruñeko villavesa batean, euskaltegi bidean, tabernan zein harategian, baita gelan bertan ere. Hala ere, benetako errealitatea bestelakoa da, zorionez, bideoan ageri den moduan, herritarrek bat egiten dutelako irakasle horiekin eta horren ondorioz, irakasleak jantzita, duin eta gogotsu ari dira egunerokoan. Azken batean, herritar askok, modu desberdinen bidez, babesa ematen diote AEKren lanari.

Une honetan, babes hori puri-purian dugu, gure lana aurrera eramateko ezinbestekoa den Korrika berri baten atarian gaudelako. Korrika aukera bikaina da AEKren lana sostengatzeko. Korrikan parte hartzeko bideak ugari dira baina egun hauetan nire begiekin zuzenean ikusten ari naiz kilometroko laguntza ekonomikoa: hamaika leku desberdinetatik, adin desberdinetakoak, langile taldeak, elkarteak, gurasoak, aitona-amonak, udalak, lagunak, familiak...jende uholdea Korrikarekin bat egiteko gogo biziz.

Ondorio argia dugu: AEKren aberastasuna herritarrak dira. Eskerrik asko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo