Xabier Izaga Irakaslea
Adituak
Eez naiz Zuzenbidean aditua, baina babo-baboa ere ez, eta badakit, esate baterako, Zuzenbidea zientzia dela, eta haren aplikazioa gertaeren gainean funtsatzen dela. Espainia aldean, ordea, nori aplikatzen zaion, ustean, interes politikoaren menpeko ustean, oinarritu izan dute. Ez duzula gaiztakeriarik egin? Seguru...? Ez dizut sinesten eta, badaezpada ere, zigortu egingo zaitut. Aste honetan bertan, eta epaiaren gaineko autoaren zain, Auzitegi Gorenak -eta ez Basagoitik edo nire etxe ondoko tabernariak- esan du ez dela Sortu alderdiaz fio. Hala izanda, zertarako behar ditu frogak? Batasunaren aurkako auzian, oker ez banago, froga erabakigarrietako bat euskal alderdi hori eta ETA «gauza bera direla titiko haurrek ere jakitea» izan zen.
Ulertzen dut kosmobisioa eta telebisioa sinonimo duten Gaztelako (Zaharreko zein Berriko) hainbat herritarren ikusmoldea Sortu legeztatzearen gainean, eta ez dut zalantzarik bat ere Sortu, edo euskal -edo aurrizki zein atzizki arabiarren bat duen beste- edozein erankunde, alderdien erregistroan onartu edo ez erabaki beharko balute, Auzitegi Gorenak eman duen epai bera emango luketela. Baina gehienak ez dira epaileak, ez dira Zuzenbidean adituak.
Orain dela zenbait urte, telebista kate espainiar bateko programa batean Alvaro Baeza, terrorismoan aditu gisa aurkezten zuten elementua, agertzen zen aldizka. Liburu bat idatzi zuen, «ETA nació en un seminario» -eta ondoren beste zenbait-, egunkari espainiarren literatur gehigarrien arabera ez-fizkiozko libururik salduena izan zena luzaroan. Ez dut Baezaren libururik irakurri, ondo dakit-eta haren lanek ez dutela inolako interesik, ez literariorik ez bestelakorik, baina badakit, halaber, liburuok pasarte barregarri ugari dituztela -egilearen asmoa bestelakoa izan arren, jakina-. Baezaren agerpenen bat ikusi zuten ETAko kideek gogotik egingo zuten barre esaten zituenak entzunda, baina ETAko militanteei ez ezik, edozein euskal herritarri ere aditu hari «Baiona, Iparralde ere esaten zaiona» eta horrelakoak entzuteak barregura -eta auzo lotsa- emango zion.
Auzitegi Goren espainolaren autoak ere ez du literatur baliorik izango baina, aurrerapenaren berri jakinda, neurri handian barregarria izango da. Epaile horiek, Baeza ez bezala, benetako adituak izatea, ordea, negargarria da.