Kopa Final-laurdenak
Ligan lortu ez dutena eskuratzeko aukera ederra dute Ordiziak eta Gernikak
J.L. I
Ampo Ordiziak eta Gernika Bizkaiak sekulako denboraldia egin dute, eta hori biribiltzeko parada bikaina dute Kopan, nahiz eta jokatzeko era honek ez dien bietako inori grazia handirik egiten. Partida bakarrera dira kanporaketak eta horrek gauza asko aldatzen ditu.
Jokatzen lehena Ordizia izango da. Goierritarrek final-zortzirenak jokatu beharrik gabe gainditu dituzte, eta gaur 16.00etatik aurrera Sevillan arituko dira Cajasolen aurka. Ligako itxurarekin jokatzen baldin badute, euskaldunek garaipena erdietsi beharko lukete, baina hau beste lehiaketa bat da, eta andaluziarrek ere nahiko dute zerbait egin. Ordiziak kanporaketa hau gainditzen baldin badu, finalerdiak Altamiran jokatuko ditu, bere zaleen aurrean, eta hura ere partida bakar batera izango denez, horrek ere indar dezente ematen die.
Bizkaia Gernikak bihar jokatuko du 12.00etatik aurrera Santboianaren zelaian. Berde-beltzek ez zuten izan inolako arazorik final-zortzirenetan Hernani bazterrean uzteko, eta biharko ere faborito izan beharko lukete.
Kanporaketa partida bakar batera jokatzeak gauzak aldatu egiten ditu, edonork irabaz baitezake. Ligan, ordea, bi taldeek oso ibilbide ezberdina egin dute. Bizkaitarrek sekulako sasoia egin dute, eta laugarren amaitu dute, nahiz eta hirugarren postua ere oso gertu izan duten. Kataluniarrek, berriz, Ligako azkeneko txanpara bitarte borrokan ibili behar izan dute Ohorezko Mailan jarraitzeko.