GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Ohorea eta puntuak, jokoan

Anoetan 15.30etik aitzinera jokatuko den euskal derbiko puntuek azken urte hauetako garrantzirik handiena izango dute.

p037_f01.jpg

Jon LEUNDA I

Biarritzek eta Avironek azken urte hauetako derbirik garrantzitsuena jokatuko dute gaur Donostian, 15.30etik aurrera. Kirol hau profesional egin zenetik, Avironek lehen aldiz lor dezake final-laurdenak jokatzeko txartela. Biarritz ohituta dago lehia horretan ibiltzen, baina horiek ere helburu bera dute aurten ere, eta bientzat garrantzi handiko norgehiagoka izango da.

Lapurtarren arteko derbia berez izaten da beroa. Puntuez gain, ohorea egoten da jokoan, eta horrek garrantzi handia hartzen du. Aurtengoan, ordea, puntu horiek sekula baino balio handiagoa izango dute, bi taldeek baitituzte final-laurdenetan izateko aukerak, eta bientzat dira puntuak oso beharrezkoak.

Puntu horiek, ordea, hiriburukoentzat garrantzi handiagoa dute, gaur galtzen baldin badute, kanporaketetan izatea eta datorren urtean, lehen aldiz, Heineken Kopa jokatzeko ametsa zapuzten hasiko baita.

Une honetan Biarritz sailkapeneko seigarren postuan dago 57 punturekin, eta Aviron, berriz, zortzigarren dago 54 punturekin. Une honetan hirugarren dagoen Castresetik, bederatzigarren dagoen Perpinyara sei punturen tartea besterik ez dago, eta errugbian partida batean bost puntu ere lor daitezkeela kontuan hartuta, aldeak oso txikiak dira.

Horregatik, Avironek irabaziko balu, hortxe jarraituko luke. Galduta, aukera asko galduko lituzke. Biarritzek irabazita, berriz, sekulako urratsa emango luke helburua betetzeko, eta galduta, berriz, hortxe borrokan jarraitu beharko luke.

Jokalariei dagokienez, gaur etxeko bezala arituko den Biarritzek oso berri onak ditu, izan ere, Harinordoki, Traille eta Yachvili jokatzeko moduan izango baititu. Azken hau min hartuta ibili da Frantziako selekzioarekin, eta kezka batzuk izan baldin badira ere, badirudi gaur jokatzeko moduan izango dela; bere parte hartzea, gainera, oso garrantzitsua izaten da zuri-gorrientzat.

Berriak bestelakoak dira zuri-urdinen artean, baja asko izango baitituzte Gajanek eta Lievremontek. Min hartuta daude Gower, Rouel, Elhorga, Linde eta Boyaud, eta horiei Marmouyet eta Igiñiz gehitu behar zaizkie, biak zigortuta izanik, ez baitute Anoetan zelaira ateratzerik izango.

Hori guztia kontuan hartuta, zuri-gorriak aterako dira faborito, baina horrelakoetan hori ez da oso segurua izaten. Bi taldeak ongi ezagutzen duten zelaian arituko dira, emaitzak ere ez dituzte batere txarrak lortu Donostiako zelaian, eta jokoan puntuak baino zerbait gehiago dagoenean, edonork irabaz dezake. Gaur, ordea, garaipenak sekula baino garrantzi handiagoa izango du.

Eduard Coetzee: «Hau bezalako derbirik ez nuen orain arte inoiz jokatu»

Eduard Coetzee Hegoafrikakoa da eta lapurtarren derbiak txundituta uzten Biarritzen ari den jokalaria. «Urte batzuk badaramatzat errugbian jokatzen, baina hau bezalako derbirik ez nuen inoiz jokatu», adierazi du.

«Derbietan ohorea beti dago jokoan, baina hemen zerbait berezia dago. Ligako egunik politena izaten da».

Girorik ez da faltako, eta goizetik nabarituko da Donostian lapurtarren arteko derbia hasi aurreko festa. Baionatik ez dira Staderen aurkakoa ikusteko adina zale etorriko, ez baita ahaztu behar Biarritz dela etxean arituko dena, eta kanpotarren etxera ez joateko ohiturak hor dirauela. Hala ere, partida Biarritzen jokatuko balitz baino askoz ere baionar gehiago izango dira harmailetan. Azken sarrerak goizeko hamaiketan jarriko dira salgai Anoetako leihatilan. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo