GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Tortura gurean behin betiko desager dadin ezinbestekoa den bidea abiatu dute Iruñean

Urteetan zehar milaka euskal herritarrek pairatu duten arren, tortura, neurri handi batean, ezkutuan mantendu nahi izan den praktika izan da gurean, gobernuek, alderdi politiko gehienek eta hedabide askok hala nahi izan dutelako. Estatuaren eta honen zerbitzarien miseriak gordintasun osoz erakusten ditu torturak, eta horregatik iritzi publikotik aldenduta mantentzeko ahalegin handiak egin dituzte denbora honetan guztian.

Baina Euskal Herrian tortura existitu da, existitzen da, eta, etorkizunean existitzen jarrai tu ez dezan, ezinbestekoa da errealitate hau azaleraztea, esparru guztietara hedatzea, haren gainean hausnarketa egitea, eta desager dadin lan egitea. Bide horretan, ekarpen handia egiten dute egun hauetan Iruñean diren jardunaldien gisako ekimenak.

Izan ere, torturaren kontra, kaleko mobilizazioek, salaketek eta instituzioen lanak besteko garrantzia daukate hausnarketak, testigantzek, iritzi trukaketek eta, azken finean, gai hau gizarteratzeko egiten diren ahalegin guztiek. Komisarietako gela ilunetan gertatzen dena argitara ateratzea lortzen duenean lortuko baitu herri honek tortura behingoz desagerraraztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo