GARA > Idatzia > Euskal Herria

Paueko Kontseilua osatzeko, ezkerrak eta eskuinak lehia estua izango dute

Pare bat kantonamendutan salbu, gainontzeko zazpietan ikusteko dago nork eskuratuko duen kontseilari kargua. Emaitzek beste zerbait ere argitu beharko dute: ezkerrak Pauen nagusitasuna izango duen ala ez.

p018_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Gaur egingo da Kontseilu Nagusiaren erdia berritzeko hauteskundeen bigarren itzulia. Aurreko igandean Hazparneko kantonamenduak bere ordezkaria (Beñat Inchauspe) hautatu zuenez, oraingoan gainerako zortzi kantonamenduetan bozkatuko dute.

Horietako bitan -Biarritz-mendebaldea eta Bastida- ziurtzat eman daiteke nork eskuratuko duen Paueko eserlekua. Lehenean, Max Brissonek eta bigarrenean, Jean Castaingsek. Biak ala biak UMPkoak dira.

Besteetan, lehia zaila izango da. Ziurra da Baiona-iparreko kontseilaria ezkerrekoa izango dela, baina ikusteko dago, azkenean, Christophe Martinen (PS) eta Marie-Jose Espiauberen (FG) artean nor hobetsiko duten hautesleek. Eta ziurra da, halaber, kantonamendu honetan abstentzioa handia izango dela, lehen itzulian boza eskuinari eta ultraeskuinari eman ziotenek ez baitute hauteslekuetara joateko eragingarririk izango.

Atharratzen, Baiona-mendebaldean eta Iholdin eskuinak orain arte zuen eserlekua gal lezake. Ezkerrari gauza bera gerta dakioke Donibane Garazin, Angelu-iparraldean eta Baiona-ekialdean.

Eragina departamenduan

Kantonamendu bakoitzarentzat hautatua izango den ordezkariak duen garrantziaz harago, gaurko emaitzek eragin zabalagoa izango dute. Izan ere, oraingoan ezkerrarentzat egia bilaka daiteke 2008an Paueko Kontseiluan lortzeko zorian izan zena; indar nagusia izatea, alegia.

Aste osoa eman dute alde batekoek zein bestekoek, lehenik eta behin, boto-emaileak postontzietara erakartzeko dei egiten, kantonamendu bakan batzuetan salbu, gehienetan abstentzio izugarria izan baitzen.

Horrez gain, hauteskunde hasieran alderdiek egindako akordioen inguruan ere hainbat gorabehera izan dira, antzeko joera politikoko ordezkariek bigarren itzulirako geratu diren hautagaien alde bozkatzeko dei egiterako orduan, batez ere.

NPAk eta FG-k, oro har, boza sozialistei ematera deitu dute. Europe Ecologie-Berdeek, PNBk bezala, ez du agindurik eman eta EHBai-koek ere ez.

Boz abertzaleek arbitro papera izango dute hainbat kantonamendutan, bereziki Donibane Garazikoan Frantxua Maitia (PS) eta Jean-Marie Mailharroren (F64) arteko lehian. Iholdikoan, berriz, hautagai bat izango dute, Daniel Olzomendi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo