GARA > Idatzia > Mundua

Gerra zibila lehertzear dela, milioi bat lagunek egin dute ihes Boli Kostatik

Hauteskundeetan garaipena aldarrikatu zuen Alassane Ouattararen eta jarduneko presidente Laurent Gbagboren arteko gatazka zeharo gaiztotu da azken egunotan Abidjanen. Ehunka lagun hil dira dagoeneko eta zaurituak artatzeko baliabideak gero eta urriagoak dira.

p023_f01_148X108.jpg

GARA |

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR) dituen datuak eskandalagarriak dira: azken hilabeteetan gatazka armatua gaiztotzearen ondorioz, milioi bat lagun inguruk utzi behar izan dute euren etxea Boli Kostan, eta UNHCRk dioenez, horrek ondorio are kezkagarriago batera daramatza, gerra zibila lehertzea berehalakoa izan daitekeela nabarmentzen baitute.

Joan den azaroko hauteskundeez geroztik, aurrez aurre ipinita dira Alassane Ouattara-ren zein Laurent Gbagbo-ren jarraitzaileak. Nazioartearen arabera, lehenak irabazi zituen presidentetzarako bozak, baina jarduneko presidente Gbagbok dio ez duela kargua uzteko batere intentziorik. Horrek dezente makurtu du giroa azken hilabeteetan, eta UNCHRk dioenez, zibilak dira oraingoan ere kaltetuenak.

Atzo jakinarazi zutenez, 462 lagun dira dagoeneko hildakoak, eta ez dute datuek gora egitea baztertzen, azken hiru asteetan ospitaleetan artatu dituzten 273 gaixoetatik 225ek balaz zauritutakoak baitziren. Osasun baliabideak gero eta eskasagoak dira, halaber; Mugarik Gabeko Medikuek deitoratu dutenez, Abidjaneko sei ospitaleetatik bakarra ari da lanean, eta kasik ez dago zaurituak zaintzeko sendagilerik, haiek ere ihesari ekin baitiote. Bi fronteen artean harrapatuta geratuko diren edota bala galduren batek joko dituen beldur dira gehienak, eta Boli Kostak mugakide duen Liberiarantz hartu dute bidea, leku seguruagoak direlakoan. Alta, horren inguruan bere kezka agertu nahi izan du UNCHRk ere; izan ere, hamarkada gutxitan bi gerra zibil pairatzearen ondorioz, baliabideez urri dabiltza Monrovian, eta, nahiz eta desplazatuak aterpetzeko prestutasun osoa azaldu duten, horretarako gai izango ote diren duda-mudatan dira nazioarteko erakundeak. Nolanahi ere, iheslari jarioa «ahalik eta modu txukunenean» burutzeko helburuz, Libiako mugan militarren presentzia areagotu egingo dutela jakinarazi berri dute. Bada, ordea, beste asmoren bat dutela dioenik ere, Liberiatik bideratzen baita Boli Kostarainoko arma trafikoaren gehiengoa.

Bien bitartean, presidente-egoitzan gordeta segitzen du Gbagbok. Azaldu duenez, negoziatzeko eskaintza egin zion duela egun gutxi Ouattarari, baina hark ez diola erantzun baieztatu du. NBEk, bestalde, bi aldeen arteko elkarrizketa sustatzen ahaleginduko dela azpimarratu du, Gbagbori kargua utz dezan presio eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo