Euskarara itzulitako filmak sustatzeko bi ekimen jarri ditu abian Bizkaiko Aldundiak
Bizkaiko Aldundiak Zinema Zabaltzen eta Bizkaia Filma egitasmoak abiatu ditu, aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko. Lehenari «Arthur eta munduen gerra» filmaren emanaldiak emango dio hasiera.
GARA |
Eskolatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko, Bizkaiko Aldundiak euskarara itzulitako zinema estreinaldiak sustatzeko eta horiek ahalik eta toki gehienetan eskaini ahal izateko bi proiektu abiarazi ditu: Zinema Zabaltzen eta Bizkaia Filma, hain zuzen. Lehenak euskarara itzulitako filmen sustapena du helburu nagusi. Bigarrena, ordea, Bizkaiko herrietan horrelako pelikulen kopuru ahalik eta handiena eskaini ahal izateko sortu da.
Ekimena atzo aurkeztu zuten Bilbon Josune Ariztondo Kultura diputatuak eta Barton Films banatzaileko ordezkari Maria Jesus Diezek. Azaldu zutenez, Zinema Zabaltzen ekimenak Luc Besson zuzendari frantsesaren «Arthur eta munduen gerra» filmaren euskarazko itzulpenarekin emango ditu «lehen urratsak».
Aurre-estreinaldia hilaren 31n izango da Bilboko Capitol zinema aretoetan 19.00etan eta «film berrien euskarazko emanaldiak normaltasunera» eramateko Aldundiaren saiakera izango da. Gainontzeko zinema aretoek maiatzaren 6tik aurrera eskainiko dute.
Bikoizteaz gain, filmen promozioa ere egingo da aurre-estreinaldiak eta estreinaldiak antolatuz eta pelikulekin loturiko materiala banatuz. Gainera, komertzialki indartsuak izan daitezkeen izenburuez gain, beste hainbat pelikula ere sustatuko dira aukera zabala eskaintzeko.
Bestetik, Bizkaia Filma programak euskarazko filmen emanaldiak ahalbidetuko ditu Bizkaiko herrietan zehar. Hala, gizarteko gazteenen eskuetan «aisialdiaren gozamenerako mesedegarriak» izango diren hainbat izenburu jarriko ditu.
Ekimenak animaziozko filmak, akziozko zinema eta dokumentalak eskainiko ditu haur eta familientzat. Guztira, 55 lan izango dira eta urte bukaera arte 150 emanaldi inguru egingo direla aurreikusi du Aldundiak.