Elizondok Nafarroako hiru txapeldun elkartuko ditu azken finalaurrekoan
Ane ARRUTI |
Elizondoko Lur aretoan jantzi zuen 2008an lehen txapela Julen Zelaietak. Xabier Silveirak ere, seigarren txapela Baztan aldean eskuratu zuen 2009an eta haren herrian, Lesakan, Julio Soto gorritiarra izan zen 2010eko Nafarroako txapelduna. Gaur Elizondon egingo dute topo hirurek, aurtengo hirugarren eta azken finalaurrekoan. 17.30ean hasiko da saioa eta hiru txapeldunek Iñigo Ibarra, Aimar Karrika eta Aritz Saragueta izango dituzte ondoan, finalerako postu baterako lehian.
Iñigo Ibarra iruindarrak 1998an hartu zuen parte lehen aldiz txapelketan eta badaki finalean kantatzea zer den. Aimar Karrika auriztarra eta Aritz Saragueta beteluarra, berriz, sekula finalean kantatu gabekoak dira.
Apirilaren 9an Iruñeko Labriten ziur izango direnak Jon Barberena eta Estitxu Arozena dira, Beran eta Leitzan irabazita. Gaur lehen postua eskuratzen duena ere zuzenean sailkatuko da eta gainerakoek puntuei begira jarri beharko dute finaleko zortzikotea osatzeko. Oraingoz ondoen sailkatuak Eneko Lazkoz (396,5), Oskar Estanga (390,5), Xabier Terreros (382), Ander Fuentes Itturri (379) eta Jon Elizetxe (377) dira.
Aretoko leihatila 16.00etan zabalduko da eta ikusmina ikusita, betetzeko aukera handiak ditu.