Harri-jasotzea fútbol sala
Irigoien antzinako harriarekin saiatuko da
Jon LEUNDA I
Aimar Irigoienek antzinako erako marka handi bat ezarri nahi du bihar Azpeitian, 12.00etatik aurrera egingo den jaialdian. Errezildarrak 125 kiloko antzinako zilindro zaharra erabiliko du bost minutuan.
Harri hau oso berezia da, antzinako harri-jasotzaileek erabiltzen zituztenak bezalakoa, harri hutsarekin egina. Harria 24 ontzakoa da, 56 zentimetrokoa, eta horrek gauzak asko zailtzen ditu.
Erreferentzia Zelaik 1985. urteko uztailaren 25ean Soraluzen egindako marka izango du Irigoienek. Orduan Mallabikoak pisu bereko zilindro zaharrari bost minutuan 42 jasoaldi eman zizkion, baina erabilitako harria handiagoa zen, 69 zentimetroko altuerakoa edo 30 ontzakoa baitzen. Aimarrek 13 zentimetro gutxiago dituen harria erabiliko du, eta horrek zailtasunak areagotu egingo ditu. Dena dela, errezildarraren norabidea ikusita, zaleek garbi dute marka handi bat egingo duela Azpeitian.
Azpeitira joaten direnek, ordea, beste marka saiakera bat ere ikusiko dute, izan ere, Mariano Harok zezen-plazan korrikan daukan marka ontzera etorriko baitira. Harok 1977. urtean Tolosan egin zuen marka, eta hamar kilometro 29 minutu eta 52 segundotan egin zituen. Geofrey Kusuro eta Hassan Mahboob kenyarrak dira marka hau ontzen saiatuko diren bi korrikalariak.
Azkoitian, berriz, kintopekoen idi-probak jokatuko dira. Gaur, 22.00etan, Mendiperen, Laskiren, Soarteren eta Ixidroren uztarriak neurtuko dira. Etzi, ordu berean, Telleria, Txapas eta Izetarenak izango dira eta asteartean, Subinasenak, Laskirenak eta Gotzon Izetarenak, 22.00etan hasita.