GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Euskaltzaindiari omenaldia

Euskara maitatu, ikasi, ari... eta, batez ere, zaintzeagatik, esker ona adierazi diote akademiari

AEK-k eta Korrikak omenaldi xume baina hunkigarria egin zioten Euskaltzaindiari atzo ilunabarrean Kursaaleko kubo txikian. Akademiaren babesean jaio zen AEK eta gero moztu egin zen zilbor-hestea. Batak bestea haren begietan ezagutu du, ordea, eta orain, heldutasunean, berriro ikusi ditugu batera.

p045_f01.jpg

Maider IANTZI I

Lehenago ere omendu ditu euskaltzainak AEK-k, baina, 17. edizio honetan, akademiari berari eman nahi izan dizkio eskerrak egindako lan eskergagatik, euskara maitatu, ikasi, ari eta, batez ere, hain ongi zaintzeagatik.

Makina bat lagun elkartu ziren Mondragon Unibertsitateko hiru ikaslek, Iker Ugaldek, Ekaitz Herrerak eta Alexander Silvak, egindako dokumentalaren estreinaldira. “Zenbait gazte ausart” izena du lanak eta hitza eman ziotenean Andres Urrutia euskaltzainburuak berehala baliatu zuen aukera gazte izaera horri erreferentzia egiteko: «Zer-nolako izenburu zehatza», adierazi zuen. Ondotik, oholtza gainean oroigarriak eskuan zituzten euskaltzain kideei begiratu zien eta haien poz aurpegiak ikusita «auto-omenaldiak» hagitz ongi etortzen direla aipatu zuen umoreko.

Euskaltzaindia osatzen duten guztien izenean, eskerrak eman zizkien AEKri eta Korrikari, baita Kursaalen bildutako guztiei ere. «Hemen dago gaur egungo Euskaltzaindia. Baina Euskaltzaindia historia bat ere bada, orainaldi bat eta etorkizun bat. Eta ezin dugu ahaztu 90 urte luze hauetan hainbat eta hainbat pertsonak egindako lana», nabarmendu zuen.
Dokumentalean ikusi genuen zer-nolako garaiak bizi izan dituen akademiak: latzak, gozoak, gorabeheratsuak. Baina, Urrutiak nabarmendu bezala, beti izan du argi gauza bat: Euskal Herri osoan euskara bat eta bakarra dago, nahiz eta hainbat ñabardura, doinu eta soinu izan. «Hori erakundetu egiten dugu, gainera, gurean hain arraroa den balio ofizial batekin. Euskaltzaindia bat eta berbera da euskara bat eta berbera den neurrian, eta gure lana horri eustea da».

Bide horretan, ikertu eta arauak jartzen dituzte, baina horrekin batera hizkuntzaren erabileraz kezkatzen dira. Hortik abiatuta bateko eta bertzeko administrazioekin eta euskalgintzarekin lan egiten dute, euskararentzat mesedegarri izanen diren erantzunak eman nahian. Xede bat dute: euskararen eta euskal kulturaren alde egitea.

Euskaltzaindia ere «euskalakaria» da eta Edurne Brouardek agertu bezala AEK-k egindako aitorpena betiko da. «Ez bere magalean jaio zelako bakarrik; motibo asko dago». Euskara erabiltzeko eta erakusteko baldintza batzuk behar dira; bertzeak bertze, mintzatzen den hizkuntza idatziz ezarri behar da. Euskararen lurralde osoa aintzat hartzen duen erakunde ofizialak lan ugari egiten du baldintza horiek sortzeko: ikerlanak egiten ditu, normalkuntzarako arauak eman, egitura linguistikoak eta gramatikalak eraiki...

Berari zor diogu euskara batua ere. «Honek ekarri duen onuraz inor gutxik egiten du zalantza gaur egun. Esparru guztietan izan du eragina, eta guztietan bermatu du erabilera», baieztatu zuen Edurnek. Euskalkien ondarea ere jasotzen du akademiak. Arrazoiak mila zituzten, hortaz, omentzeko.

30 ahots

30 euskaltzain oso dira guztira eta banan-banan izenak eman eta txaloz hartu zituen publikoak. Denek ez zuten etortzerik izan, baina ordezkaritza zabala elkartu zen: Patxi Goenaga, Miren Azkarate, Aurelia Arkotxa, Jean Haritschelhar, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Joseba Lakarra... AEKren eta Korrikaren izenean, Mertxe Mugikak oroigarri nagusia eman zion Andres Urrutiari eta denen artean osatu zuen familia argazkia.
Baina anitzez ahots gehiago aditu genituen, publikoan eta dokumentalean. Bertan bertze 30 lagunen testigantzak daude jasota. Itziar Rekalde Euskaltzaindiako langilearena, adibidez. Honela dio: «Hasi nintzenean hau zientzia fikzioa zen, baina orain errealitatea da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo