GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria

«N» hitza

Mark Twainek esan zuen klasiko bat dela «jendeak goraipatu baina inork irakurtzen ez duen liburua». Gaur egun, AEBetako zenbait eskoletan egilearen lan ezagunenetako bat, «The Adventures of Huckleberry Finn», izendapen ezegokiak erabiltzen dituela iritzita, derrigorrezko irakurgai zerrendatik kendu dute. Izan ere, lanean 219 aldiz azaltzen da «N» hitza, AEBetan tabu den hitza, arrazista delako. Hori bai, erabakia hartu dutenei lanaren balioagatik galdetuz gero, bakar batek ere ez du Twainen maisutasuna zalantzan jartzen. Horratx, klasiko bihurtzearen ondorioak, esango luke Twainek.

Kontu jakina da Twainek nahita erabili zuela hitza XIX. mendeko arrazakeria agerian uzteko eta, bide batez, kritikatzeko. Orain, baina, idazlearen nahia tokiz kanpo dagoela iruditzen zaie zenbait irakasle eta gurasori, eta politikoki zuzena denaren izenean «N» hitza desagertu beharko litzatekeela uste dute. (AEBetako hegoaldeko argitaletxe batek «The Adventures of Huckleberry Finn»-en agertzen diren «N» hitz guztiak «esklabo» hitzarekin ordezkatu eta edizio berri bat kaleratzeko asmoa agertu du).

Albisteak zalaparta handia eragin du ozeanoaren bi aldeetan eta nik zera jakin nahiko nuke, noren onurarako (eta noren kalterako) den «N» hitza «The Adventures of Huckleberry Finn»etik ezabatzea. Afrikar-amerikarren duintasuna aldarrikatzeko modua dela esaten dute batzuek, baina ez dakit kontua hori den, iruditzen baitzait ezabapenak ahanztura ekarri ohi duela, kasu honetan iraganean beltzek AEBetan jasan zuten diskriminazio eta basakeriaren ahanztura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo