GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kabinako ordena hura!

Kontuak kontu, Marx etorri zait egunotan gogora, eta ez Marx bakarra, ez horixe!, anaia guztiak batera baizik, harpa-jolea bera barne. Bai, itsasontzi bateko kabina hartan izandakoa izan dut gogoan, zuri-beltzean bada ere, ikusi bezalaxe. Zoragarria, benetan, kabina haren ordena dotorea, zerikusirik ez pasatu diren egunotan han-hemengo bestelako geletan izan diren anabasa nahasiekin. Ezta hurrik eman ere!. Horra gure beheko Estatuaren korazatu-ontzi gorenaren hirurogei eta ez dakit zenbatgarren kabina antzeko horretan lehengoan izana, kolorez kasu honetan; bai, gorri-horixkaz. Aditu arituen gisan agertu ziren lekukoak togadunen aurrean, ustez argudioak zeramatzatela. Usteak ustel, berriro ere. Argudioak eta arrazoiak batzuetan guztiz kontrajarriak diren seinale. Uniforme pilo ikusi zen handik, aditu omen zirenen zibilezko janzkeraren atzean ez ezik toga batzuen azpian ikusi ere. Tira, mahaiaren bueltan epaile zirenen artean ez dakit nik zenbat izango ziren harpa-jole, beste gauza batzuen jole seguru baietz!, eta zenbat izango mutu, baina arrazoiak arrazoi asko total gor zeudelakoan nago. Baina batez ere, federik gabeko kristau. Ulertzekoa da, edo, justizia omen dena adierazi nahian begiak zapi batez estalita dituen pertsona erabiltzea, eskumako besoa erori antzera duela, balantzaren alde horren gainzamaren poderioz. Gauzak horrela, eskumako eskua ezin gerora erabili justizia horrek, harpa jotzeko ere ez

Nahaste-borrastea NATOko kabinan ere. Aspalditik inon inbasiorik egin ez eta nahiko urduri ibili dira han-hemengo militarrak, ezinegonean, gordailuan zeuzkaten armak erabili gabe herdoilduko ote zitzaizkien beldur. Eta aukera aurkitu dute, asko bilatu gabe. Ustez, Nazio Batuena den Erakundearen ebazpen batek zabaldu die bidea, airez, itsasoz eta batek daki! lurrez ere eraso erosoa egiteko. Eta aitaren batean hasi dira gordailuak husten, hustuak berriz betetzea dakarrela jakinda. Aginduak zeinek eta non eman? horixe anabasa kabinan!. Ez dut inoiz ulertuko Erakunde horren ebazpenak betetzeko, edo ez betetzeko, irizpidea. Hemen bai, orain; han beharbada, inoiz ez. Ganorazko ordena gehiago zegoen zuri-beltzeko kabina hartan, zalantza-izpirik gabe. Ordena eta arrazoiak. Argudioena bestelako kontua da, bestelako ordena, eurentzat, edo ganora gabeko desordena, besteontzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo