GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joxe Iriarte, «Bikila» | Gorripideko kidea

Madarikatuak!

 

Madarikatuak, energia nuklearraren aroari ateak ireki zenizkioten (militarrak eta zientzialariak) guztiak! Eta batez ere, Hiroshima eta Nagasakiren gainean lehergailu atomikoa jaurtitzeko agindu (eta agindua bete) zenutenak! Madarikatuak, oreka nuklearraren aitzakiaz mundu guztia bonba atomikoaz bete zenutenak, eta Sobiet Batasuna desagertu arren, bere horretan jarraitzen duzuenak!

Madarikatuak, «bakerako atomoak» edo arlo zibileko energia nuklearraren mozorropean, arlo militarri laguntzeaz gain, energiari arriskutsuenari bide eman zeniotenak! Eta batez ere lobby nuklearrentzat morrontzan lan egiten duzuen politikari, enpresari, zientzialari, katedradun eta idazleak!

Madarikatuak, Txernobylen hondamendian gainean urteak pilatzen utzi era beroketa klimatikoaren aitzakiaz energia nuklearraren aldeko sasi argudioak zabaltzen ibili zaratenak, gure (euskal) zientzialari laudatuak eta goraipatuak barne!

Madarikatuak, Fukushimako hondamendiaren aurrean ere (oraindik ez dela ezertxo ez dela gertatu dioten horiek, batez ere) lobbyen konsignak itsu-itsu zabaltzen dutenak! Eta batez ere, tragediaren erdian nuklearraren beharra aldarrikatzen jarraitzen duten Confebask-eko bozeramaileak. Horiengatik balitz Lemoizko zentrala lanean izango genuke.

Madarikatuak ere, beren interesa partikularengatik energia nuklearraren «dohainen» propaganda egiten ari diren langile astapotro ustel horiek! Eta gizarte kontsumistan goxo bizi al izateko nuklearrekin ados daudenak!

Eta madarikatua kapitalismoa! Ingurumenaren egoera aztertzen dituzten adituek zera esaten digute: «Mende erdian, ahalik eta etekin gehien lortzea helburu duen munduko ekonomia -kapitalista- zazpi bider handitu da, baina ekonomia hori sostengatzen duten sistemak suntsitzen ari dira: itsasoaren gehiegizko ustiaketa eta kutsadura, ur eskasia, zoruaren erosioa, baso soiltzea, klima aldaketa, espezie ugariren galtzea, baliabideen eskasia, hondamen naturalaren ugaritzea. Guzti horrek ondorio bat dakar: biziari eusteko behar diren zikloek oreka baten menpe daude. Egun oreka hori arrisku latzean dago, betirako galtzeko arriskuan». Erantsi beharko genieke istripu nuklearraren arriskuak.

Izan ere, ekonomia arloan bezala, pertsona guztientzat eskubide guztiak bermatzea eta naturarekiko oreka ekologikoa ziurtatzea ezinezkoa dela neoliberalismoaren markoan, eta ezta kapitalismo abegikorrago batean ere.

Beste askotan esan duguna, errepikatuko dugu. Errepide sarean, garraio arloan zein industria edo energia arloan ere, emergentzia galgak sakatzeko ordua eta norabidez aldatzeko aroa iritsi da..

Hots! !Nuklearrak? ez, eskerrik asko! Berriro ere, gure hormak kartelez, garraioak pegataz, eta gure paparrak txapaz bete behar ditugu, eta kaleak berreskuratu! Eta Garoña lehenbailehen itxiarazi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo