GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

HITZAK & DEIAK | Edorta Jimenez

Euskara Ta Askatasuna

Euskadi Ta Askatasuna euskal erakunde armatuaren amaiera ei datorrela-eta, Volgako Batelariek «Zutabeak ETAren osteko euskal literaturaren bilakabide baterako» izkribua banatu zuten Durangoko Azokan, Sarean ere badagoena bera. Niri neuri eskura eman zidaten eta, mila esker. «Guk euskal literaturaren orientazio queerago bat hobetsiko genuke,» diote, besteak beste, horretan.

«Egin ezazue, ba!», horra datorkidan erantzun bakarra. Ala ideal horren alde besteok sortu behar ote ditugu queer izkribuak, berez apokrifoak eta sekula santan benetako queer jendeen gustukoak izango ez direnak? Eta egitekotan ere, zertarako? Eurek ez irakurtzeko. Adibiderik? Speed gauak izeneko eleberria ez dute Desira desordenatuak/ Queer irakurketak (euskal) literaturaz delakoan aipatu. Sexuan hetero joerak dituen batek egina bada ere, hutsa da saiakera horren egileen aldetik. Ulergarria, dena dela. Ez da liburu oso irakurria. Nolanahi ere, euskal literaturako prosazko lehenengo queer eszenetako batzuk, nik dakidala, nobela horrexetan daude. Eta ea gero Guero beraren pasarte bat edo beste ez den atal horretan sartzen. Delako saiakeran ez dute horretaz hitz egin eta, aurrera bolie!

Euskal literaturan orientazio queerago bat hobestearen horrek harako idazle hark esan zuena ekarri dit gogora, alegia, euskal literaturak -buruz ari naiz- ETA ez duela behar bezala salatu, gaitzetsi eta abar. Queer eszenaren bat edo beste idazteko ausardia izan banuen ere, ez zen kontsignen menpe izan. Desira desordenatuen aginduz izan zen (...).

Kontsignak ba! Politena Patxi Lopezek bota duena. Euskadi Ta Askatasuna erakundea amaitzen denean euskara -buruz ari naiz honetan ere- askatasunari lotuko zaiola, behingoz. Hori esatean EAEko egungo Lehendakariak agian gogoan izan duena zera izan da, erakunde hori berori dela agiriak euskara hutsez argitaratzen duen bakarra. Noski, PSE-EEk ez du horrelakorik egiten, kontrakoa baino gehien-gehienetan. Haatik, bere kideetako batzuk euskal idazle eta itzultzaile ezagunak dira. Ahaztu egin ote zaio hori, ala jakin ere ez daki gizonak? Horra gakoa. Edonola ere, Patxi Lopezek aukera ederra dauka orain, zera, beste ETA bat sortzea, orain artekoa amaitu bezain laster sortu ere. Euskara Ta Askatasuna delakoa sortu ahalko du, eta Gora ETA (Berri)! lasai asko aldarrikatu. Bitartean PPko kideei kontsigna helarazi ahal die, ea ba alderdiaren beraren izena euskaratzen duten. Ofizialki. Alderdi Popularra -AP!- delako hori euskal kazetariek egindako itzulpena baita. Delako alderdiaren ohorezko presidenteari ilusio egingo lioke igual. Berak sortu baitzuen AP, Frankismoaren hondarrak bildu nahi zituena. Ikusi da hondarrok non amaitu duten. Hori bai, argi dago Mayor Oreja ez dutela ETA berrira ekarriko. Aitonak ez zion, zorionez! (sic), euskara eman. Nork pasatu ote zion hari kontsigna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo