Biziarteko zigorra ezeztatzea presazkoa dela adierazi du AAMk
Espetxean urte gehien daramatzaten euskal presoak, «Gatza» eta «Elurtxuri», etxean izango dira laster. Alabaina, beste inork era honetako zigor luzerik bete ez dezan presio egiteko deia egin du amnistiaren aldeko mugimenduak. Gernikako akordioak jasotakoa betetzeko ordua dela gogorarazi, eta presoen egoera konpontzea presazkoa dela nabarmendu du.
Oihana LLORENTE | GASTEIZ
Jose Mari Sagardui Gatza, eta Jon Agirre Agiriano Elurtxuri, aurki itzuliko dira euren sorterrira, hiru hamarkada luze preso eman ondoren. Urte hauetan guztietan sakabanaketa, bakartzea edota eritasunak sufritu arren, amnistiaren aldeko mugimenduaren iritziz, kartzelan denbora gehien eman duten euskal herritar hauek «espetxe politika ankerra garaituta eta duintasunaren jabe izanik» berreskuratuko dute askatasuna.
Atzera aske izango diren egun seinalatua hurbiltzen ari dela-eta, berrehun lagundik gora elkartu ziren atzo Gasteizeko Foruen enparantzan, eta era honetako espetxealdi amaigabeak errepika ez daitezen herri eta auzoetan presio egitera deitu zuten.
Gernikako Akordioa hitzartu zuten eragile politiko, sindikal eta sozialek prozesu demokratikoa bururaino eramateko hautua egina dutela ekarri zuten gogora Tania Corralek eta Josu Ormaetxeak. Akordioan jasotako aldarrikapenak praktikan jartzeko unea iritsi dela deritzote biek eta «euskal preso politikoen egoera konpontzeak benetako urgentzia» duela ohartarazi nahi izan zuten atzoko agerraldi jendetsuarekin. Zehazki, gaixorik diren presoak eta euren zigorrak beteak dituzten presoak aske utz ditzatela eta sakabanaketa eta senideen aurkako jazarpena buka dadila exijitu zuten.
Espetxean urte mordoa igaro duten preso ohiak, euskal presoen senideak eta abokatuak ziren nagusi prentsaurrekoan eta bertan amnistia beharrezkoa dela berretsi zuten. Horien aburuz, preso eta iheslari guztien etxeratzeak abian den konponbide prozesuaren ondorio izan behar du. «Amnistia prozesu demokratikoaren emaitza izango da, finean, preso eta iheslariak etxeratzea eta hauek preso edo iheslari gisa egon izanaren arrazoiak gainditzea», nabarmendu zuen Corralek.
Bide horretan, datozen hilabeteetan amnistiaren aldeko mugimenduak «konpromiso kolektibo berriak» antolatuko dituela adierazi zuten, eta abian jarriko duten «mobilizazio erraldoian» parte hartzera deitu zituzten herritarrak. «Euskal Herriaren historiaren atal berriak idaztear dira, eta horietako bat espetxeetako paretak apurtzen ditugun egunekoa izango da», aipatu zuen Ormaetxeak.
Corralen eta Ormaetxearen alboan Sagarduiren aita eta Agirreren anaia zeuden. Lehenak ia 31 urte daramatza bere semea etxean ikusteko zain eta bigarrenak, hiru hamarkada.
Bi euskal presook Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren «borrokaren eta nortasunaren» adibide direla esan zuten eta urte luzeetan jasan dituzten «muturreko egoerak» erabaki politikoz ezarri dizkietela nabarmendu; «pertsona bezala suntsitu eta militante politiko bezala ezabatzeko neurriak».
Indarrean dagoen espetxe politikak, besteak beste, «sufrimendua, mehatxua, etengabeko zigorra edota galera ekonomikoa» dakartzala salatu zuten eta urte hauetan guztietan hil diren diren presoak eta senideak gogoan izan zituzten.
dira egun bi hamarkada baino gehiago espetxean daramatzaten euskal preso politikoak.