GAZTEAK IRAULTZARA BILTZEN, AMARAUNA OSATZEN DABIL MARASMA SARETZEN
Asko hitz egiten da gazteez, gazteen beharrez edo gazteen arazoez. Egungo gazteak alferrak omen dira, drogazaleak, lotsagabeak edo odolgabeak. Baina, nork dio horrelakorik? Helduek. Badira kontzientziari eragin eta ideia propioak dituzten gazteak, gazte ameslariak, gizarte kapitalista eta patriarkala aldatzeko prest daudenak. Iraultzarako biltzen, gazte ameslarien amarauna osatzen ari da Marasma Saretzen.Janire ARRONDO
B esteek diotenaren menpe egon gabe eta hitza hartzeko garaia heldu dela ulertuta, norbere burua ezagutzetik hasi eta gazteen kezkak zeintzuk diren azaleratzeko lanari ekin dio Marasma Saretzen gazte dinamika berria.
Azken urte hauek gainbegiratuta, gazteria «asko» aldatu dela ikusi dute gazte egitasmo honen bultzatzaileek. Jarrera inkonformista eta intsumisoa alde batera utzi, eta kaletik itzalera ezkutatu den gazteria ikusten dute. Horrek kaleko mugimendua deuseztatzeaz gain, belaunaldien arteko harremanean ere etena eragin du. Agian, nagikeriak edo erosotasunak jota, gazteak inposaturiko horretara makurtzen direla uste dute, biderik errazena hori delako-edo. Kontzientzia, baina, ez omen dute galdu gazteek; hala ere, lokartua balute bezala-edo, eragitea falta da, piztea. Era berean, gazteak euren arazoak norberarenak bezala ikustetik, kolektiboan aurre egiteko beharra ere sumatu dute. Ekimen honen bidez, gazteak euren arazoen inguruan bildu eta kontzientzian eragiten ahaleginduko dira aurrerantzean.
Egun, ez dago gazteen gaineko ikerketarik, Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzen duenik. Horri irtenbidea emateko, helduen jarreratik ihes egin eta euren errealitatea euren ikuspegitik aztertzeko bidean jarri dira. Udazkenaz geroztik, herriz herri, hainbat eremu, ideologia edo girotako gazteekin aurrez aurreko elkarrizketak egiten ari dira; hala, gazteen behar eta arazoen diagnosia egiteaz gain, gazteen harremanak hobetzea dute helburu.
«Zer nahi duzu? Inork galdetu al dizu nor zaren? Zeintzuk dira zure arazoak?». Gazteen arteko eztabaida sortzeko helburuarekin urrian hasi ziren «Kontuz! Ez zaitzala pestizidak lokartu!» fantzinea zabaltzen. Gazteen egunerokoan jasotzen diren hainbat egoeren gaineko irudiekin jendartean izan diren eta izaten ari diren aldaketei buruzko gogoeta bultzatzea da helburua. «Gazte estereotipoak, errepresioa, askatasun faltsua, indibidualismoa, botere harremanak bezalako kontzeptuei buruzko irudikapena» da fantzinea. Irudiok oinarri hartuta zabaldu zuten eztabaida, eta hortik aterako dituzte gazteen arazo, nahi, behar eta asmoak.
Iraultza kolektiboa
Bigarren fase batean etorriko da, diagnostiko hori esku artean dutela, gazteen arazo eta beharrei aurre egiten hastea, gazte mugimendua bera indartzearekin batera. Fase honetan, gazteen kolektibo izaera hori berreskuratu nahi dute eta arazo horiei buelta emateko «iraultza» egin. Iraultza, baina, egunez eguneko aldaketa gisa planteatzen dute, aldaketa arloz arlo errotik ekarriko duena. Marasma Saretzen gazte ekimenekoek gazteek egunerokoan «jarrera iraultzaileak» har ditzaten dute helburu, «jarrera errebelde eta inkonformistak».
Ideia horiek azaltzea «utopikotzat» jo litekeela uste duten arren, gizartean aldaketa eragitea posible delakoan daude. Gazte ameslariak dira, publizitate kanpainen gainetik, euren ideiak dituztenak; errepresioaren gainetik, lanerako hautua egin dutenak. Eta, garrantzitsuena, egiten duten horretan sinesten dute.
Ekimen honetan, gainera, herriek hartuko dute garrantzia; herri bakoitzean herrira begira lan egingo dute batzarren bidez: «Herriko errealitateari erantzungo dioten borrokak gauzatuko dira, borroka nagusi batzuk izango diren arren». Herriz herri identifikatu diren arazo horiei aurre egiteko epe luzera begirako alternatibak planteatuko dituzte. Gazte mugimendua «bere onenean» ez dagoela usteta, proiektu estrategikoa izango da honakoa.
«Txip» aldaketa nabarmena jasoko du, beraz, ekimen honek. 2009an Zestoako gazte topaketetan jaso zen gisan, filosofia gazte mugimenduaren kohesioa bultzatzea izango da, «guettoak» gaindituz.
Bigarren fase horretan, bestalde, gogoetarako parada izango da apirilean. Marasma Saretzen ekimenekoek xehetasun gehiago eman nahi izan ez badituzte ere, apirilaren 22an dinamikaren gaineko lanketa egiteko aukera izango da.