GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Comunicado de ETA

EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA EUSKAL HERRIARI

 


ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, urtarrilaren 10eko ekimenetik kasik hiru hilabete igaro direnean, agiri honen bidez bere hausnarketaren berri eman nahi dio Euskal Herriari:

Azkenaldiotan, gero eta nabarmenago, arras ezberdinak diren bi bloke ageri dira Euskal Herriko eszenatoki politikoan. Askatasun agertoki bat ireki nahi dugunok, batetik, eta inposizioari eta blokeoari eutsi nahi diotenak, bestetik. Gatazkaren behin betiko konponbidean prozesu demokratikoa ibili nahi dugunon eta sortu den aukera errepresioaren eta ezetzaren giltzarrapoz itxi nahi dutenen arteko konfrontazioa eta borroka baita une honetako ezaugarri nagusienetako bat.

Euskal Herriaren aldeko indarrak antolatzen ari dira. Emeki baino sendo, estatuen errepresioa eta itxikeriaren eraginez edota hautabide eraginkorrik aurkitu gabe, etsipenaren lozorroan zeuden gero eta herritar gehiago bilduz. Zapalkuntza betikotzeko, aldaketa politiko eta soziala nahi dugun indarrak zokoraturik, ahuldurik eta dispertsaturik nahi zutenen asmoa garaitzen hasiak gara, beraz.

Alta, garaiok ez dira egindakoarekin konforme gelditzekoak. Aurreratu da, bai, baina mardula da oraindik aurretik dagoen erronka: askatasunera eramango gaituen bide osoa dago egiteko, ibilbidean jarriko dituzten oztopo ugari gainditzeko. Horregatik, indar berriak bildu eta antolatzeari etsi gabe ekin behar zaiola, Espainiak eta Frantziak euskal herritarren hitza bahitzeko eraiki duten horma botatzeko indar nahikorik bildu arte, gero eta hedatuagoa den uste sakona da.

Beste aldean, Espainia eta Frantziako gobernuen jarrera arduragabea dugu. Hilabeteotan ukazioak eta errepresioak ez baitu etenik izan. Bortizki ari dira zabaldutako aukeraren aurka egiten. Eta arduragabea diogu, ez baita bateragarria hainbat inguruetan, isilpean, konponbideari ekiteko ustezko asmoa agertu eta estrategia errepresiboari eustea. Arduragabea, euskal jendartean sortu den ilusioa eta konponbiderako nahia hamaikagarrenez zapuztea dutelako xede. Inposizioa indarrean, egoera bere horretan usteltzea nahiago dute.

Nolanahi ere, egoerak eragile guztien posizioak egokitzea behartu du, are eta ageriago ETAren ekimenaren bultzadaz. Eta, hain da nabarmena euskal jendartearen gehiengoaren nahia, eta hain bidegabea estatuen jarrera, Frantzia eta Espainiarekin bat egiten dutenen artean ere badela gobernuon jarrerarekiko zalantza agertu duenik. Herabekiegi oraindik, eta barne interesak bultzaturik, segur. Zaila baitzaie urteetan etekin politikoak eman dizkien inposizioari uko egitea. Horiei guztiei une historikoak eskatzen duen arduraz eta kemenez jokatzeko deia luzatzen die ETAk, zapalkuntza, bortizkeria eta errepresio jarduerekin hautsi eta elkarrizketa eta konponbidearen alde murgildu daitezen.

Egoera honetan nazioartearen parte-hartzea ere eztabaidagai bilakatu zaigu. Are eta gehiago Nazioarteko Harreman Taldeak konponbidearen oholtza gainera igo denean. Beren lubakia ezetzean eraiki dutenek ez dute halakoren beharrik ikusten. Euskal jendartea adin-nagusikoa dela diote, lotsatu gabe, jendarte horri berari bere etorkizuna erabakitzeko hitza ukatzen dioten bitartean, estatuen eta aparatu errepresiboen tutoretza ezartzen dioten bitartean.

Arrazoia bestelakoa da, ordea. Guardia Zibilaren kasernen tortura-aretoen iluntasunean ohiturik, euskal herritarren aurkako biolentzia eta mehatxua nahi gisan erabiltzeko, euskal herritarren borondatea lekukorik gabe bortxatu ahal izateko, euskal gatazka deritzotenaren atea itxi nahi diote nazioarteari.

Hortaz, adierazgarria da ere ETAren su-eten orokor eta iraunkorra nazioarteko komunitateak egiaztatzeko aukera Espainia eta Frantziako gobernuek onartu ez izana. Ez dute halakorik nahi. Hipokresia eta toxikazioen gainetik, nazioartean ere ageri-agerian geldituko bailitzateke egun Euskal Herrian dagoen biolentzia bakarra estatuok eragindakoa dela, hileotan ikusi izan denez. Euskal Herrian biolentziak ukazio, eskubide urraketa, ilegalizazio, jazarpen, atxiloketa edota torturaren deiturak hartzen dituela.

Guztiarekin,

- Urtarrilaren 10ean argitara eman zen agirian zabaldutako erabakian berresten da ETA.

- Espainia eta Frantziako gobernuek gure eskaintza onartu ez izana deitoratzen dugu.

- Frantzia eta Espainiako gobernuen aitortza ofizialik ez izan arren, ETA prest dago egiaztatze mekanismo informal bat onartzeko.

- ETAk uste du egingarria dela eta nazioarteko egiaztatze batzordea sortu daitekeela.

ETA orain arte erakutsitako jarreran eta borondatean berresten da, Euskal Herriaren askatasuna eta bakearen bidean konponbide demokratikoa elikatu eta bururaino eramateko konpromisoan, hain zuzen.

Zentzu horretan, euskal eragile politiko, sozial eta sindikalei eta, oro har, euskal herritarrei dei zabala luzatzen diegu, Euskal Herriaren askatasunaren alde eta errepresio ororen aurka indarrak bildu, konpromisoak hartu eta urrats berriak eman ditzaten. Guztion artean lortuko dugu!

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

2011ko martxoaren 24an

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo