Julio Sotok irabazi du Elizondon eta jada jakinak dira finaleko izenak
GARA | ELIZONDO
450 lagun elkartu ziren atzo Elizondoko Lur aretoan, eta denen artean majo berotu zuten giroa. Hagitz gustura egon zen jendea eta saio ona egin zuten bertsolariek. Julio Soto izan zen garaile, 415,5 punturekin, eta ondo-ondoan izan zuen Xabier Silveira ere (413 puntu lortu zituen lesakarrak). Hirugarren ere txapeldun izandako bat gelditu zen, Julen Zelaieta beratarra, 398,5 puntu bilduta.
Hurrengo hirurak Aimar Karrika (394,5), Aritz Saragueta (372,5) eta Iñigo Ibarra (352,5) izan ziren.
Saio honetatik hiru lagun sailkatu ziren finalerako, Julio zuzenean eta Xabier eta Julen puntuei esker. Dagoeneko badakigu zeintzuk arituko diren heldu den apirilaren 9an Iruñeko Labrit pilotalekuan kantari. Lehen aipatutako hirurez gain, Jon Barberena eta Estitxu Arozena, zuzenean sailkatuak biak finalaurrekoak irabazita, eta puntuen arabera, Eneko Lazkoz, Oskar Estanga eta Xabier Terreros.
Lekuaz gain, bada bertze nobedaderik, hortaz, finalean. Iaz ez bezala, Silveirarekin eta Barberenarekin gozatzeko aukera izanen dute bertsozaleek.
Sarrerak salgai daude
Labritera joan nahi duenak dagoeneko badu sarrerak erosteko aukera. Bi modutan egin dezake: Internetez (www.bertsosarrera.eu gunean) edota Nafarroako liburu- denda eta bertze txoko batzuetan eskuratuta. Gozamena ziurtatuta dago...