Antzerkiaren ikerketa eta ikasketa sustatzeko asmoz, sariketa jarri du martxan Artez Blai elkarteak
Antzerkiaren Egunaren ospakizunarekin bat eginez, Artez Blai Kultur Elkarteak arte eszenikoak ikertzeko laugarren sariketa aurkeztu du. Irailaren 20a arte mota eta herrialde guztietako lanak jasoko ditu.
GARA | BILBO
Gaur da Antzerkiaren Munduko Eguna, eta Jessica A. Kaahwa ugandarrak idatzitako mezua irakurri eta ekitaldiak egingo dituzte han eta hemen. Artez Blai Kultur Elkarteak ere bat egin nahi izan du ospakizunarekin, eta egun hau aprobetxatu du Arte Eszenikoen Ikerkuntzarako IV. Nazioarteko Saria aurkezteko eta interesa duten guztiak parte hartzera animatzeko.
Beste lan ugariren artean, Bilboko elkarte honek jendeak antzerkia ikertu eta ikas dezan egiten du ahalegina, eta nahi hori betetzeko sortu zuen sariketa hau, Bizkaiko Aldundia jagole zela.
Argitu dutenez, deialdira edozein herrialdetako egileak aurkez daitezke, arte eszenikoen edozein diziplinarekin lotutako ikerketa, azterketa, teoria edo praktika-proposamena jasotzen duen lanen batekin, saiakera edo kritika izan. Bertan antzerkia jaso daiteke, edozein tankera eta arlokoa, baita dantza, zirku, magia edo beste ere; arlo artistikoan, teknikoan edo kudeaketakoan izan.
Lanek originalak izan beharko dute, gai librean emanak eta euskaraz edo gaztelaniaz sortuak. Gainera, inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute, ez zatika ez euskarri digitalean, ezta unibertsitate giroan ere. Dagoeneko argitaratzear direnak ere ez dira onartuko.
Argitaratzea sari
Testuak jasotzeko epea datorren irailaren 20an bukatuko da. Lanak Artez Blai Kultur Elkartera (Aretxaga 8. 48003 Bilbo) igorri beharko dira, edo artez@artezblai.com helbide elektronikora. Irabazleak 1.000 euro jasoko ditu eta lana Artezblai argitaletxearen `Teoría y práctica' atalean argitaratzeko aukera ere izango du.
Denis Rafter irlandarra, Zulai Macias Osorno mexikarra eta Borja Ruiz bilbotarra dira aurreko edizioetako irabazleak. Jose Luis Arce argentinarrak, aldiz, aipamen berezia jaso zuen lehenbiziko edizioan.