GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendiko eskia | Proposamena

Pic de Barbe, itzuli xumea ingurune bakartian

Pic de Barbe (2.468 m) da mendiko eskiko espezialista Edu Aranburuk egin digun proposamena. Ibilbide zirkularra da, eta, besteak beste, zati klasikoak eta alderdi bakartiak uztartzen ditu.

p050_f01_143x168.jpg

Andoni ARABAOLAZA

«Aitortu behar dut Pic de Barbek (2.468 m) bat baino gehiago ezustean harrapa dezakeela. Bareges inguruko mendi hau ez da mendiko eskiaren zale euskaldunentzat batere ezaguna; bai, ordea, frantziarrentzat. Proposamen xumea da, baina, era berean, merezi duen horietakoa». Hitz horiek esan dituena Edu Aranburu dugu; hots, mendiko eskiko espezialista eta orrialdeotako laguna.

Urtero legez, Aranburu proposamen batekin datorkigu. Eta, lehen hitzetan aipatu bezala, oraingo honetan Pic de Barbera eramango gaitu. Lasai asko esan dezakegu, horretarako arrazoi batzuk badituela: «Pic de Barbe ez da Pirinioetako mendi oso garaia, baina alderdi oso erakargarriak ditu. Lasai asko egiteko proposamena da. Izan ere, itzuli txikia da: 1.000 metroko desnibela eta 4-5 ordutan egiteko modukoa. Txikia bai, baina, era berean, askotarikoa eta eskiz egiteko oso aproposa. Gainera, zati oso klasikoak eta inguru bakartiak lotzen dituen ibilbide zirkularra da».

Eta aurkezpen lanak egin ondoren, ondorengo lerrootan, mendiko eskiko espezialista honek ibilbidearen nondik norakoak azalduko dizkigu. Irteera, berez, Baregeseko eski-estaziotik, Tournaboup eta Super-Baregeseko parkingen artean dago, 1.600 metrora dagoen bihurgune bikoitzean. Hori bai, errepidea itxita badago, Tournaboupetik irten beharko da.

Paraje bakartia

Aranburuk dioenez, lehen urratsak Aoubeko haranaren igoera ezagunetik egiten dira: «Aoubeko bordetara iritsi eta haran guztian gora jarraitu behar da (iparralderantz), amaieran ezkerrean dagoen lepora heltzeko (2.369 m); han bertan oso erlaitz ikusgarria dago. Aipatu behar da, hegoaldera begira dagoela, baina elur asko izan ohi duen harana dela. Gainera, azkar egonkortzen da elurra».

Gero, mendebaldera jo behar da Lac Bleau-ra, baina 2.200 metroko mailan ezkerrera desbideratu eta ingurune bakartian Pic de Barbe ipar-mendebaldetik inguratu behar da. Col des Pecheurs-era iristear gaudela, mendebaldeko isurialdetik, zuzen-zuzenean, tontorrera igo daiteke.

Gailurra zapaldu eta gero, jaitsieraren txanda da: «Zuzena da, tontorretik hego-ekialde aldera. Aldapa tente samarrak ditu, baina, hegoaldera begira dagoenez, elurraren baldintzak nahiko egokiak dira; arestian aipatu dudan bezala, azkar egonkortzen delako. Batez ere bertakoentzat, jaitsiera hau oso ezaguna da. 2.000 metro inguruan ekialdera jo behar dugu Aoubeko bordetara itzultzeko. Eta hortik, zirkulua itxiz, abiapuntura helduko gara».

pic de barbe

Itzuli txikia da (4-5 ordukoa), baina, era berean, askotarikoa eta eskiz egiteko oso aproposa.

bakartia

Zati oso klasikoak eta ingurune bakartiak uztartzen ditu. Kartografia: IGN, Carte de Randonnees, Bigorre, 1:50.000

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo