GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Alpinismoa | Sariak

Urrezko Pioleta, sei hautagai alpinismo sarirako

Urrezko Pioletaren 19. ekitaldia apirilaren 13tik 16ra ospatuko da Courmayeur-en eta Chamonix-en. Greg Childek zuzenduko du epaimahaia, eta Doug Scottek jasoko du ibilbidearen saria.

p051_f01_199x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Frantziako Piolet d´Or, alegia, Urrezko Pioleta ate-joka dugu. Azken urteotan bezala, alpinismoko sari entzutetsu hau Courmayeur-en eta Chamonix-en ospatuko da apirilaren 13tik 16ra. 19. ekitaldia du, eta, ohi den legez, egitarau oparoa izango du. Lau egun, Alpeetako bi hiriburuak, ospakizunetarako beta, hitz egiteko zein eztabaidatzeko aukera... Eta hori guztia gaur egungo alpinismoa zutabe izango delarik.

Jakina denez, ordea, arreta handiena jasoko duena saria da, hots, Urrezko Pioleta. Bat, bi edo hiru izan daitezke. Hori apirilaren 16 arte ez dugu jakingo. Jakin badakiguna, sari horretan «lehian» izango direnak sei hautagai direla.

Azken hautagaiak aukeratu aurretik, 53 jarduerek «bahea» pasa behar izan zuten. Guztiak ala guztiak goi mailako jarduerak edo lehen igoerak. Eta, aipatu bezala, zerrendatik sei aukeratu dituzte azken faserako. Epaimahaia zuzenduko duena Greg Child da, eta harekin dauden Simon Anthamatten, Yannick Graziani, Enrico Rosso, Hiroshi Hagiwara eta Michael Pause kideek ez dute lan errazik izango.

Gutxienez sari bat nork eramango duen badakigu. Urrezko Pioletaren antolatzaileek duela bi urte sortutako ibilbidearen sariari buruz ari gatzaizkizue. Lehena, Walter Bonattik eraman zuen, eta bigarrena, Reinhold Messnerrek. Bada, aurtengo ibilbidearen Urrezko Pioleta Doug Scott britainiarrak eramango du. Alpinismoan lorpen historikoak egin ditu Scottek. Egundoko erronkak erdietsi ditu: Everesteko hego-mendebaldearen lehen igoera, Baintha Brakke-ko lehena, Kangchenjungan bide berria... Baina hori guztia bezain garrantzitsua da britainiarrak erabilitako estiloa: garbia zein zintzoa.

6 hautagai

Epaimahaiburuak berak dio: «Aukeratu ditugun sei jarduera horiek esplorazioaren espirituarekin bat egiten dute. Bide berriak dira, oso estilo arinean egindakoak eta konpromiso handiarekin».

Mount Foraker (5.304 m), Alaska. Colin Haley eta Bjor-Eivid Artunek 71 orduko jarduera egin zuten geratu gabe eta bibakik egin gabe.

Mount Logan (5.059 m), Kanada. Yasushi Okada eta Katsutaka Yokoyama japoniarrek 2.500 metroko bidea (4 bibak) zabaldu zuten.

Vasuki Parbat (6.792 m), India. Malcom Bass eta Paul Figg britainarrek mendiaren mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera sinatu zuten.

Lunag I (6.830 m), Nepal. Max Balleville, Mathieu Detrie, Mathieu Meynadier eta Seb Ratel-ek bide berria zabaldu zuten.

Mount Edgar (6.618 m), Txina. Bruce Normand eta Kyle Dempster-ek mendiaren bigarren igoera sinatu zuten. Bost egunetan bide berri bat zabaldu zuten.

Groenlandia. Sean Villanueva, Nicolas eta Olivier Favresse eta Ben Dittok bederatzi bide zabaldu zituzten. Garrantzitsuena hamar egunetan zabaldu zuten.

urrezko pioleta

Courmayeur-en eta Chamonix-en ospatuko da apirilaren 13tik 16ra. Epaimahaiak sei hautagai aukeratu ditu. Doug Scottek ibilbidearen saria jasoko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo