GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Ilargiaren indarra: ibaietako uhinak

Ilargiak itsasaldi indartsuak sortzen dituenean, hainbat lekutan itsasoko urak, ibaietara iritsi, eta olatuak sortzen ditu horietan.

p054_f01_97x64.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Joan den martxoaren 19an, ilargia perigeotik ordu bateko distantziara izan genuen (356.577 kilometrora), alegia, ilargia lurretik gertuen dagoen puntutik oso gertu izan zen. Arrazoi horregatik ikusi ahal izan genuen ilargia ohi baino %14 handiago eta % 30 distiratsuago.

Fenomeno astronomiko honek beste ondorio bat ere izan zuen, mareak ohi baino gorago eta beherago igo eta jaitsi baitziren. Zenbait hamarkadaren ostean, behin eta berriz errepikatzen den fenomenoa da hau. Azkenengoz, 1993ko martxoaren 28an izan genuen ilargia lurretik hain gertu.

Perigeoaren ilargi betea deritzonak, ohi baino itsasaldi indartsuagoak eragiten ditu. Horrek ez du esan nahi olatu handiagoak sortzen dituenik, ez dauka itsaskiekin edo olatuen altuerarekin zerikusirik, mareak gora eta behera egiten duenean lortzen duen koefizientearekin baizik, alegia, itsasaldien koefizientean eragiten du.

Leku gehienetan, perigeoan den ilargiak sortzen duen grabitate indarrak ura zentimetro batzuk gehiago erakartzea lortzen du. Batzuetan, lekuko berezitasunek efektua handiagotu dezakete eta koefizientea 15 zentimetro handitzera irits daiteke.

Itsasaldi aldaketa handiek olatuak sortzen dituzte munduko zenbait ibaitan eta horixe da joan den astean gertatu zena. Asko izan ziren fenomeno honetaz baliatuz ibaiko olatuak hartzen ibili zirenak.

Martxoaren 20an, esaterako, jende andana bildu zen Britainia Handiko Gloucestershire konderriko Severn ibaian. Batzuek kayak bidez hartu nahi zuten olatua, besteek, mota guztietako surf taulekin, beste batzuek, bodyboard baten laguntzaz. Denetarik zen han.

Itsasotik datorren olatu honek 40 kilometro egiten ditu ibaian gora, 16 kilometro orduko abiaduran, eta surflariak ibaiertzean kokatzen dira olatuaren zain. Olatuak, hondoaren arabera forma hobea edo okerragoa hartzen du leku zehatz batzuetan eta horregatik pilatzen da jende gehiago gune jakinetan. Pilaketa honek eta inguruneak berezko dituen ezaugarriek istripuak eragiten dituzte maiz, beraz, olatuaren atzetik motordun ontziak joan ohi dira, norbaitek arazorik izanez gero, ahalik eta azkarren laguntzearren.

Marea behean denean, ibaiaren eta itsasoaren artean eten bat izaten da, ur gutxiko edo urik gabeko tarte bat sortzen da, baina mareak gora egin ahala, itsasoak eremu lehorra zeharkatzen du eta ibaira iristen da. Marearen etorrerak bulkada eragiten du ibaiaren kontra eta bulkada honek ibaian gora abiatzen den olatu bat sortzen du.

Fenomeno hau munduko 60 bat lekutan gertatzen da. Ezagunenak Poroca eta Silver Dragon dira. Poroca da olatu luzeena sortzen duena, Brasilgo Amazonia oihanean dago.

Bertakoek pororoca esaten diote, «burrunba handia» esan nahi duena, izan ere, ordu erdi lehenago entzun omen daiteke olatuak sortzen duen burrunba. Urtean bi aldiz, otsaila eta martxoa artean, Ozeano Atlantikoko urak Amazonas ibaian sartzen dira eta horrek ibilbide luzeko olatuak sortzen ditu.

17 kilometroko ibilbidea izan dezake olatuak eta bidean harrapatzen duen guztia herrestan eramaten du. Olatuak ez dira oso handiak, baina ia ordubetez garraia dezakete surflaria ibaian gora.

Arriskuak ere baditu olatu mota honek, izan ere, ur masak bidean harrapatutako enbor zatiak eta adarrak garraiatzen ditu eta, gainera, pirañak eta beste animalia ugari bizi diren ingurunea da.

Olatu honetan denbora gehien iraun duen surflaria Picuruta Salazar brasildarra da, 37 minutu egin zituen olatu gainean eta ia hamahiru kilometroko distantzia egin zuen. Honela mintzo da esperientziaz, «Amazonas ibaian gora olatuan zoazenean itsasoaren erdian bazina bezala sentitzen zara, mugagabea dirudi. Zibilizazioaz ikasitakoak ez dizu ezertarako balio mundu horretan, senak agintzen du, senak gidatzen zaitu».

Txinan ere gauza bera gertatzen da; itsasoko ura ibaira sartzean olatua sortzen du. Urtero milaka pertsona biltzen dira Qiantang ibaiaren ertzean ikuskizunaz gozatzera.

Olatuaren zain egoteko egiten den bilkura hau, 2.000 urte baino gehiago dituen ohitura da. VII. eta XIII. mendeen artean ezagun egin zen ohitura hau, Tang dinastiaren garaian.

2009ko urriaren 6an izan ziren azkenengoz aspaldiko olatu handienak. Txinatarren ilargi egutegiaren arabera, zortzigarren hilabeteko hemezortzigarren egunean alegia.

Izar eta planeten elkartzeak udazken aldera sortzen duen fenomeno bitxia da. Lurraren errotazioak sortzen duen indar zentrifugoak, batetik, eta ibaiaren sarrerako badiak duen inbutu formak, bestetik, marea gora igotzen denean itsasoko ur guztia ibaira bortizki sartzea ahalbidetzen dute. Ur hori guztia ibaiko urarekin elkartzean sortzen da olatua, bertakoek «zilarrezko dragoia» deitzen dutena.

Amazoniako biztanleek bezala, txinatarrek ere olatuaren burrunba aipatzen dute. Poeta txinatarrek, mila zaldik ateratzen duten hotsarekin alderatzen dute olatuaren etorrerak ateratzen duen zarata.

itsasoa ibaian gora

Leku batzuetan, marea igotzen denean itsasoko urak ibai sarrerara iristen dira, talka eginez, eta ondorioz, ibaian gora egiten duen olatu batsortzen da

Itsasaldi indartsuak

Ilargiaren gertutasunak ohikoak baino itsasaldi indartsuagoak sortzen ditu, marea asko igo eta asko jaisten da, baina honek ez du eragiten olatuen garaieran

Amazonia eta Txina

Marea ohi baino gehiago igotzen denean, itsasoak ibaian sortzen dituen olatuen artean luzeenak, Amazoniako Poroca ibaian eta Txinako Qiantang ibaian sortzen direnak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo