GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Panamako kanalean gora, lau ordu olatu gainean

p054_f02_97x80.jpg

H.L. | Panama

Gary Saavredra panamarrak bi marka bete zituen egun berean, Panamako kanalean surf egin duen surflariarena eta olatu baten gainean denbora gehien egin duen surflariarena.

Panama olatu bikainak dituen herrialdea da, nahiz eta oso ezaguna ez den, baina kasu honetan olatuak ez dira itsasokoak, ontzien motorrek sortutakoak baizik.

Saavreda, 34 urterekin, 13 bider izan da Panamako surf zirkuituko txapelduna. Oraingo honetan, ordea, ibaian aritu zen surf egiten. 66 kilometro egin zituen ontzi batek sortutako olatuaren gainean.

Goizaldean, 6.40ean, abiatu zen Ozeano Barean dagoen Lago Gatún izeneko leku batetik. Handik iparraldera jo zuen, Ozeano Atlantikora. 2006ko martxoaren 20an ordu bat eta sei minutu egin zituen Steve King britainiarrak Ingalaterrako uretan, beraz, goizeko 7.46ean aurreko marka gainditua zuen Saavedrak. Hortik aurrera ahalik eta gehien iraun besterik ez zuen egin behar.

10.35ean amaitu zuen saioa, denera, hiru ordu eta 55 minutu egin zituen olatu beraren gainean.

Leher eginda amaitu arren, prentsari hitz batzuk esateko beta hartu zuen Saavedrak eta hau esan zuen: «Hirugarren orduaz geroztik, leher eginda nengoen. Zortzi bider izan naiz erortzear, baina nola edo hala aurrera egitea lortu dut. Lehen orduan nire energia guztia erabili dut, inoiz ez baititut gaurkoak bezain baldintza klimatologiko gogorrak jasan».

Guinness munduko marken erakundeak ontzat eman du proba, izan ere, erakunde horretako kide Michael Janela estatubatuarra olatua sortzen zuen ontzian izan zen probak iraun zuen denbora guztian.

Panamako kanala munduko itsas komertzio handiena duen lekua da, egunero mundu osoko 14.000 ontzi ibili ohi dira ibilbide horretan. Hala ere, trafikoa eten gabe egin zuten proba.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo