GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

(Norbere burua) erakutsi

Erakutsi» hitzaren lehen adiera honakoa da: «Zerbait publikoari aurkeztu edo agertzea, ikusia izan dadin». Hori da, oinarrian, erakusketa bat antolatzerakoan egiten dena: artelanak publikoaren begien aurrera ekartzea. Mugimendu sinplea dirudi, balkoietan ikurrinak eta leku guztietan iragarkiak jartzearen antzekoa. Norbaiten begien bila gabiltza, nolabait.

Bigarren adiera: «Adierazi, azaldu». Adiera honek beste zerbait gehitzen dio ulermenari; zeren balkoietan ikurrina edo leku guztietan iragarkiak jartzea mugimendu fisiko erraza bada, psikologiko eta sozialki askoz ere sakonagoa dugu. Ikurrina baten atzean identitatearen auzia ezkutatzen da, iragarkien kasuan, merkantilizazioa eta kapitalismoa. Zerbait erakusten dugunean, nahi ala ez, zerbait kontatu, adierazi eta esaten dugu. Hobe dugu horretaz kontziente izatea.

Astelehenean, maiatzeko hauteskundeen aurretik obra berriak inauguratzeko erlojuaren kontrako azken uneetan, Donostian San Telmo museoa berrireki dute. Erakusketak bi motakoak izan dira: batetik, aurkezten diren piezak, bitrinetan; bestetik, agintari guztien harrotasuna, komunikabideen irudietan.

Horrenbeste agintari eta kultura arloko horren profesional gutxi ikusita, «dibertsitatearen» zentroaren nondik norakoak ikusteko irrikitan nago. Ea nagusiki piezak erakutsi eta ideiak barreiatzeko tresna izango den, edo behin argazkikoek alde eginda, hustutako zapata kutxa handi bihurtuko. Sentitzen dut, baina Euskal Herriko kultura politikekin, eszeptizismoa dugu beti nagusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo