Ariane Kamio Kazetaria
Brooks jaunak egiaztatu bezala
Urtean gutxienez lau bider ikusi beharrekoa da «The shawshank redemption» -euskaraz «Biziarteko kartzela» eta gazteleraz «Cadena perpetua»-, 1994an Frank Darabontek zuzendutako lan bikaina. Morgan Freeman eta Tim Robbinsek egiten duten antzezlanaz gain, ikusi nuen lehenengo alditik nekez ahantz dezaket Ingalaterra Berriko kartzela hartan espetxeratu berriek preso beteranoei egiten zieten galdera, eta haien erantzun errepikakorra. «Zuek zergatik zaudete hemen?», galdetzen zuen preso berriak. «Gu? -erantzuten zioten ironiaz-. Oraindik ez dakigu zergatik gauden hemen, denok errugabeak gara-eta».
Baina ironiaz botatzen zuten erantzun hura, ez zen eta ez da guztiz egia, eta guztiz gezurra, kartzelatutako denek ez baitute zertan gaizkile izan. Eta inoiz izan baziren, bizi osorako zigorrak erruz ordainarazi zien iraganean egindakoa.
Ordainketa nekez iristen da inoiz amaierara, Brooks jaunari gertatzen zaion bezala. Hamarkada luzeak espetxean egin ondoren, kalean erabat arrotz sentitzen den agure zaharra besterik ez baita, ezer gutxirako balio duena. Irtenbide bi besterik ez zaizkio geratzen: lan egiten duen supermerkatuko nagusia hil eta «etxera» itzultzea; edo ostatu hartu duen logela iluneko habetik zintzilikatu eta bere buruaz beste egitea. Filma ikusi duenak badaki zein den bere hautua.
Kontakizunak baditu hamaika irakurketa, eta hamaika norabide, baina hamabi, hamahiru eta ehun ikuspuntu gehiagotik ere antzeman litezke bigarren lerroko irakurketa guztiak. Izan ere, beste hainbestekoak baitira egungo gizarteak azken hamarkadetan jasan dituen aldaketak eta zenbatezinak aurrerantzean etorriko direnak. Nola adierazi, bada, hainbat urtetan espetxean bizi izan denari erabat eraldatutako gizarte berri batean biziraun behar duela? Urrun geratzen dira halako egoeretan, eta beste askotan, kartzela egitasmoen bergizarteratze helburuak, garrantzitsuena, beti, zigorra betearaztea baita. Kartzelako atea gurutzatu duen preso bakoitzeko, ardura bat gutxiago espetxearen bizkarrean. Giza eskubideen zerrendarik gabeko eremua izango da agian gurea, Brooks jaunak egiaztatu bezala.