Jose Luis Guenaga Laka Mendexako ezker abertzalearen izenean
Herriaren interesa ala negozioa?
Mendexako Udalean agintean dagoen EAJko gestorak hasierako onarpena eman dio arau subsidiarioen aldaketa bati. Bertan, Karraspio inguruan, Vista Alegreko parajean, aparkaleku bat, etxeak eta parke bat aurreikusten dira.
Horren aurrean, ezker abertzalean badugu esatekorik:
Ez dugu nahi aparkalekurik! Ez dugu nahi aparkalekurik, ez dugulako behar, trafikoaren arazoa konpondu beharrean handitu egiten duelako. Berdin da 100, 200 edo 500 plazako aparkalekua egin, askoz ere auto gehiago abiatuko dira gure errepide eta auzo bideetan zehar leku libre bat aurkitzeko esperantzan. Gero, aparkalekua beteta, bide bazterrak beteko dituzte.
Erakundeen iritzia ere bestelakoa zelakoan geunden. Lekeitioko saihesbidea egiteko arrazoi nagusienetakoa trafikoa herritik gutxitzea zen. Horretarako, errotonda inguruetan aparkaleku disuasorioak egingo ziren. Orain zer esan behar zaie Karraspiora bizikletaz ausartzen direnei? Bizikletak etxean uzteko, autoen bidea ez oztopatzeko?
Bigarren arrazoi nagusia duen kostua da, batez ere inguruari egiten zaion kaltea. Aparkalekua bera joango den lekuan egingo den «aberiak» gutxi balira legez, errotonda eta bial berriak egin beharko dira autoak bertaraino heltzeko, eta beste pasabide bat (hemen ere ederra desmontea) aparkalekutik hondartzaraino oinez ailegatzeko. Merezi du hainbeste txikizio inguru paregabeko batean urtean bi hilabetez erabiliko den aparkaleku bat egiteko?
Baina aparkalekua txarra izanda ere, hori ez da txarrena. Okerrena da aparkalekua ez dela herriaren interesa, aparkalekua negozio baten zati bat dela. Aparkalekua herriaren interesa balitz, erakunde publikoek sustatuko zuten egitasmoa eta ez higiezinen promotora batek. Aparkalekua herriaren interesa balitz, bera egiteko terrenoa Diputazioak erosi edo desjabetu egingo zuen, eta kito.
Baina ez, hemen terrenoaren jabeak aparkalekua egiteko terrenoaren truke etxebizitzak eraikitzeko orain dituen bi baimenen ordez, hogeita lau lortuko ditu, (biren ordez lau ez, biren ordez hogeita lau) eta ez kasualitatez aspaldi itxaroten ari garen etxebizitza babestuak egiteko. Herriaren zer? Negozioa bai ederra. Honek Marbellan edo Mendexan izen berdina dauka: pelotazoa.
Gero, hori bai, goian etxe eta euren urbanizazio, behean parkinga, eta albo guztiak bialekin asfaltoz eta hormigoiz izorratu eta gero, jabeak debalde ematen du erdian gelditzen den terreno zatia, bertan «jardin ingeles» bat (mendexarron birika izango ei da) egiteko.
Hau dena Mendexan, EAJko gestorak, boto barik, lotsa barik eta lapurtutako aulkietatik gobernatzen duten herrian. Hau dena orain, presaka eta ezkutuan, legegintzaldia amaitzeko bi hilabete gelditzen direnean.
Gestoraren azken zapartadak dira. Bere balentriak egin eta badoa; patata Mendexako EAJren eskuetan geldituko da. Ez dakigu negozioan parterik duten, eta badute, norainokoa. Baina gestoraren faltan eurak bihurtzen dira arduradunak. Ba, oraindanik jakin dezatela aurrean egongo garela, eta ez dugula atsedenik hartuko herriaren lepo eta herriari onurarik ez dakarkion disparate hau gelditu arte.