Berdaitz Juaristi Irure | Arrigorriaga
«Todo por la patria»
Lehengoan Bilbotik paseatzen nindoala, horixe irakurri nuen Guggenheim museoaren ondoan dagoen Espainiako Guardia Zibilaren atariko iragarkian. Oilarkeria, mehatxua, oharra, zer ote? Beldurtzekoa eta kezkatzekoa, isiltasunez jantzitako aldarri ez gizatiarra, bai behintzat.
Ondoan Zubi-Zuri. Izan dira komeriak itsatsi dioten atalaren inguruan. Baina, emeki, zubiak egin du egin beharrekoa, kontrakoak eta aldekoak bateratu. Aipatzen dudan iragarkiak tamalez ez du halako tirabirarik pairatu. Bilbao Ria 2000-ko agertokian onetsia dago, akaso?
Zubia batetik eta iragarkia bestetik kateatuz, «Euskalherriaren alde edonor hiltzeko prest» dioen kartelaz bertan dardarakor jarriko dut neure burua froga gisa. Inauteriak joan berriak ziren orduan, baina denek ez zituzten mozorroak gorde, han dirau mezu oldarkorrak tinko; ni, ordea, laster batean eramango naute zoro moduan, kukumarroa besterik ez bada ere.