GARA > Idatzia > Euskal Herria

Komisariako irudietan «gauza bitxiak» ikusi dituzte abokatuek

2008ko uztailean Bizkaian, Galizian eta Katalunian izan zen operazioan hamar lagun atxilotu zituztenean, Garzon epaileak euren atxiloaldia grabatzeko eskatu zuen. Errioxako irudiak ikusi badira ere, komisariako irudiek «zalantza asko» sortzen dituzte, abokatuen esanetan: «Denbora tarte luze askotan ez dakigu non eta zertan ari ziren atxilotuak».

Janire ARRONDO |

Hedabideetan Arkaitz Goikoetxea Baltasar Garzon epailearekin eta guardia zibilekin zulo baten inguruko azalpenak emanez agertzen den bideoa bolo-bolo dabilen bitartean, «Bizkaia komandoa»ren aurkako epaiketan beste hainbat irudi ere badirela ohartarazi dute defentsako abokatuek. Oraindik epaiketan atera ez badituzte ere, inkomunikazioaldia ustez «osorik» jasotzen duten irudietan «hutsune nabarmenak» daude; atxilotuak deklaratzen edo auzitegi-medikuarekin ez dauden artean «ez dira inon ageri», ez dakite denbora tarte luze horietan zer gertatu zitzaien atxilotuei.

2008ko uztailean Goikoetxea eta beste bederatzi lagun atxilotu zituzten operazio hartan, Garzon epaileak «tortura ekiditeko neurri gisa» inkomunikazioaldian atxilotuak polizia-etxean ziren denbora tarte osoan grabatuak izan zitezela eta irudi horiek gordeta gera zitezela agindu zuen. Auzitegi Nazional espainolean egunotan egiten ari den epaiketa zetorrenez eta atxilotuek torturatuak izan zirela salatu zutenez, euren abokatuek komisarietan grabatutako irudi horiek eskatu zituzten froga gisa. Lehen aldia da abokatuek gisa honetako irudiak ikusi ahal izan dituztela.

Behin irudiak aztertuta, Jone Goirizelaia abokatuak «gauza asko eta oso bereziak» ikusi ahal izan dituztela aitortu zion GARAri: «Garbi dagoena da, polizia txostenetan jasotzen dutena baino `diligentzia' gehiago izan zirela atxiloaldian». Atxilotuak Madrilgo Guzman El Bueno kaleko Guardia Zibilaren komisarian eta Tres Cantosekoan izan zituzten. Azken honetan, ziegak grabatu zituzten kamerak mugimenduarekin aktibatzen diren horietakoak dira, hortaz, irudietan eten ugari daude. «Kamera aurrean mugimendua dagoenean aktibatzen dira, baina hori teoria besterik ez da eta ikusi duguna ez dator teoriarekin bat», ohartarazi du.

Tarte luzeak ziegatik kanpo

Atxilotuak ziegatik ateratzean deklaratzera edo auzitegi-medikuarengana eramanak zirela jasotzen dute polizia txostenek, «arrazoirik gabe» ziegatik ateratzen dituzten tarte «luzeak» ere badira, hala ere. Goirizelaiaren hitzetan, «inon jaso gabe dauden une horiek atxilotuek kontatzen dutenarekin bat datoz». Hain justu ere, deklaratzera joan aurretik galdeketak egitera eramaten zituztela kontatu zuten, «erantzun beharrekoa prestatzeko». Atxilotuak antifazekin izan zituztela ere ikusi ahal izan dute abokatuek, baita ziegatik ateratzerakoan «makurtuta edo burumakur» zihoazela ere.

Horretaz guztiaz gain, beste hainbat «kontraesan» ere atzeman dituzte. Diligentzien erregistroaren arabera, momentu zehatz batean Aitor Cotano atxilotua deklaratzen zela jasotzen da, eta irudietan, ordea, une berean ziegatik komunera ateratzen agertzen da. Goikoetxea epailearekin zulora joaten den une horretan, bestalde, irudietan bere ziegatik bitan ateratzen dutela ikusten da; abokatuaren arabera, «ordubeteko bi irteera dira». Maialen Zuazo eta Anabel Prietoren kasuan, biek sexu jazarpena salatu zuten. Ziegako kamerek jasotzen dutenez, bi orduro 25 minutuz ateratzen zituzten, baina ez dago horren gaineko azalpenik. «Horrelako asko ikusi ditugu», ziurtatu zuen Goirizelaiak.

Oraindik luze joko du Auzitegi Nazional espainolak San Fernado de Henaresen duen epaitegian, Goikoetxea, Cotano, Zuazo eta Prieto, zein Ińigo Gutierrez, Adur Aristegi eta Gaizka Jareńoren aurkako epaiketak. Dagokionean, abokatuek irudiok sortzen dituzten zalantzak argitzeko eta komisarietan atxilotuek egindako deklarazioak baliogabetzeko eskatuko diote tribunalari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo