GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikastoletan mobilizazioak egin dituzte lanpostu murrizketak salatzeko

Baionako, Ziburuko eta Donaixtiko kolegio eta lizeoetan, bai eta lehen mailako hainbat ikastoletan ere mobilizazioak eta elkarretaratzeak antolatu dituzte, azken garaiotan frantses Hezkuntza Ministerioak ikastolentzako iragarri dituen lanpostu murrizketak salatzeko.

p015_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Elkarretaratzeak antolatu dituzte azken asteotan Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hainbat ikastolatan, irakasle lanpostuen murrizketaren ondorioz, datorren ikasturtearen sartzea «ikastolentzat zaila» izanen dela agerian jartzeko.

Ostegunean eta atzo, jende multzoak bildu ziren gehienbat lehen mailako ikastetxeetako ateetan. Elkarretaratzeak eginez, guraso eta irakasleek «Kasu, Ikastola kexu» aldarrikapena zabaldu zuten.

Baionako Oihana Ikastolako gurasoek argitu zutenaren arabera, bigarren mailan 70 oren kendu nahi dituzte. Hau da, hiru lanpostu gutxiago izanen dira, nahiz eta ikasle kopuruak gora egin.

Lehen mailan, berriz, datorren urteko sartzean 120 ikasle gehiago aurreikusten diren arren, soilik hiru postu gehiago eman dizkiete.

«Zortzi postu beharko genituzke. Seaskak jadanik hamalau postu bere sakelatik ordaintzen ditu. Ezin du beste posturik bere gain hartu, egitura guztia arriskuan jarri gabe», nabarmendu zuten.

Bigarren maila

Frantses Hezkuntza Ministerioak postu «murrizketa ezinbestekotzat» agertu badu ere, erabaki hori hartuz, ikastolek bizi duten «garapen etengabea» ez duela kontuan hartzen salatu zuten ikastetxeek. «Aspaldi errana dugu eta berriz diogu, ikastolen garapena oztopatzea euskara hiltzea dela, ikastolak baitira gaur egun euskara bizirik atxikitzeko azken esperantza», goraipatu zuten ikastetxeetako ordezkariek.

Lehen mailan eta ama-eskoletan egin diren ekintzekin batera, Baionako lizeoa, eta Ziburun, Kanbon eta Donaixtin kokatuak diren beste hiru kolegioetako ikasle, irakasle eta gurasoek aldarrikapen berarekin manifestaldiak egin dituzte azken asteetan.

Haurrek euskaraz ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu nahi izan dute guraso eta irakasleek. Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa jarri zuten adibide gisa: «Bordeleko errektoreak, hamar gelen irekitzea, hau da, hiru seigarren, bi bosgarren, hiru laugarren eta bi hirugarren, proposatu zituela gogorarazi zuten. Alta, bederatzi gelentzat bakarrik eman du ordu dotazioa».

Murrizketen ondorioz, Piarres Larzabal kolegioan, 27 eta 29 ikasle kopuruko ikasgelak izateko arriskuan daude.

Mobilizazioak

Mobilizazioak egiten jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute ikastoletako guraso eta irakasleek. Dagoeneko, astelehen arratsean Donibane Lohizuneko plazan hitzordua finkatua dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo