Maskaradaren azken zazpi agerraldiak bertan behera geratu dira
GARA | BAIONA
Atzo zabaldu zen berriaren arabera, Santa Graziko herritarrek aurtengo maskaradaren agerraldiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuten joan den larunbatean egindako biltzar nagusi batean.
Izan ere, maskaradan ari ziren hiru jokalariren senide baten heriotzaren ondorioz, Irurin eta Urdiñarben egitekoak zituzten bi emanaldi egin gabe utzi zituzten, eta, joan den asteburuan eztabaidatzekotan ziren geratzen diren zazpi agerraldiak mantentzen zituztenetz.
Atzo erabakiaren berri eman zuten herritarrek, eta, ondorioz, maiatzaren 15a bitartean eskaintzeko gelditzen zitzaizkien ikusgarriak ez ematea erabaki zuten. Herritarrek errandakoaren arabera, heriotza horren saminak behartuta alde batetik, eta, hiru arizaleen hutsunea betetzeko ezintasunagatik, bestetik, hartu dute erabaki hori.
Santa Graziko gazteak izan ziren aurtengo maskaradaren antolaketa bere gain hartu zutenak. Zeresana eman zuen, hasiera batean, bertako maskaradak, bereziki herrian gertatzen ari den euskararen galerarengatik.
Hala ere, otsailaren 6an Santa Grazin egindako ikusgarriaren lehen emanaldien edertasunak kezka horiek uxatu zituen. Eta, ondotik, maskaradaren tradizioari eutsiz herriz herri agerraldiak egiten aritu dira.