EHNEk produkzio kostuen azpitik saldutako haragiaren arriskuaz ohartarazi du
EHNE sindikatuak produkzio kostuen azpitik saltzen den haragiak izan ditzakeen arriskuez ohartarazi zuen atzo, «merke ekoizteko, naturalak ez diren bideak erabiltzen direlako». Horren aurrean, bertako haragiaren aldeko apustua egiteko eskatu zien harakinei zein erosleei.
J.S. | BEASAIN
«Euskal Herria osasuna galtzen ari da» kanpainaren barruan, EHNE nekazari eta abeltzainen sindikatuak protesta ekintza egin zuen atzo Beasainen, haragi merkeen eskaintzak gero eta ugariagoak direla eta bertako baserritarrak beren haragia saldu ezinik dabiltzala salatzeko.
Garikoitz Nazabalek, EHNEko haragi saileko kideak, dei egin zien kontsumitzaileei, «haragi merkearekin ez fidatzeko» eta «txolloekin kontuz ibiltzeko» eskatuz.
«Eskaintza asko ez dira pagotxa, produkzio kostuen azpitik saltzen direlako, eta horretarako, naturalak ez diren bideak erabili behar dira», ohartarazi zuen Nazabalek. Honen inguruan, «behi eroen» gaitzaren jatorria merke ekoiztea izan zela gogorarazi zuen, baita haragi hormonatuaren edota klenbuterolaren kasuena ere.
EHNEko arduradunak azaldu zuenez, produkzio kostuek, batez ere pentsuari dagokionean, «ikaragarri» garestitu dute haragiaren produkzioa. «Batez beste haragi kilo bat ekoizteak 4,2 euroko kostua du eta baserritarrek errenta duin bat lortzeko, 5 euroan saldu beharko lukete».
Hain merke saltzen den haragia, aitzitik, kanpotik sartzen dela azaldu zuen, eta prezio horretan saltzeko, modu industrialean hazitako abereak direla gaineratu zuen. «Hemengo haragi gizenketa, oro har, ez da hain industriala eta larreei lotuagoa dago. Osasungarriagoa da», nabarmendu zuen.
Osasungarriagoa izan arren, baserritarrak hemengo haragia saldu ezinik dabiltzala salatu zuen, eta bertako haragiaren aldeko «konpromiso sendoa» hartzeko eskatu zien harakinei eta haragiaren salerosketan parte hartzen duten gainerako eragileei.
Era berean, kontsumitzaileek okelaren jatorria ezagutzeko eskubidea dutela aldarrikatu zuen, eta horregatik harakinari etiketa jartzeko eskatu beharko lioketela gaineratu zuen.
EHNE sindikatuak joan zen urtarrilean abiarazi zuen «Euskal Herria osasuna galtzen ari da» kanpaina, alde batetik herritarrek jaten dutenaren inguruko ezagutza gero eta urriagoa dela salatzeko, eta bestetik, ingurumena gero eta eraso gehiago jasaten ari delako.
Sindikatuak dioenez, kanpainaren helburua nekazaritzaren egoeraz harago joanda, Euskal Herria osasuna galtzen ari dela ohartaraztea da, «herritarrek errealitate horren berri izan dezaten».
Besteak beste, baserritarrek euren produktuen truke oso diru gutxi jasotzen dutela eta horren ondorioz, ustiategi asko itxi egin behar izan dituztela salatu nahi du EHNEk.
Produkzio kostuen azpitik saltzeko, «naturalak ez diren bideak» erabili behar direla gogorarazi zien atzo EHNEk kontsumitzaileei.