GARA > Idatzia > Kirolak> Eskubaloia

Asobal Liga

Nekeari aurre egin behar, «beste derbia» irabazteko

Esloveniatik iritsi berritan eta hainbat jokalari minduta dituela hartu beharko du San Antoniok Naturhouse talde errioxarra Unibertsitate Pabiloian.

p037_f02_555x555.jpg

Asier AIESTARAN

Atsedena hartzeko apenas denborarik gabe, Amaya Sport San Antoniok Asobal Ligako 24. jardunaldiko partida jokatuko du gaur Naturhouse La Riojaren aurka (20.30ean, Unibertsitate Pabiloian). Esloveniatik Iruñera itzultzeko bidaia gogorra egin zaio taldeari, eta gainera, kontuan izan behar da hainbat jokalarik arazo fisikoekin amaitu zutela Mariborren aurkako partida.

Mindegiak behatz bat du minduta, Rasicek eskuin bizepsa, Victorrek arazoak ditu gerrialdean, eta Albertok orkatilan. Dirudienez, gehiago edo gutxiago, gaur jokatzeko aukera izango dute guztiek, baina ez da inondik inora Europako lehiaketak jokatzeko bidean horren garrantzitsua izan daitekeen neurketa bati aurre egiteko modurik gomendagarriena.

Hala ere, partiden karga ez du San Antoniok bakarrik nozituko, talde errioxarrak ere EHF Kopako neurketa jokatu baitzuen -31-29 galdu zuen Handbold indartsuaren kantxan- aurreko asteburuan. Horregatik, fisikoki juxtu dabilen Tioumentsev antolatzailea etxean utziko dute, itzuliko partidan arazorik izan ez dezan. «Ahal den lekutik indarrak atera behar ditugu, Naturhouse gure aurkari zuzena delako -sei puntuko aldea dago nafarren alde- eta ezin dugulako hutsik egin», aitortu zion Juanto Apezetxea entrenatzaileak Eferi.

Apezetxeak baieztatzen duen moduan, La Riojaren aurkako partida «ia derbi bat da». Ez da ahaztu behar elkarren aurka behin baino gehiagotan jokatu izan dutela denboraldi aurreko prestaketa neurketetan, jarraitzaileek bidaia erosoa egin dezaketela beren taldea animatzeko, eta Naturhousen Unai Arrieta eta Gurutz Aginagalde euskaldunek jokatzen dutela. Elkarren artean ez dago sekreturik.

«Joaneko neurketan, Logroñon, ozta-ozta irabazi genuen (23-24) eta errebantxa hartzeko gogoz etorriko dira», esan du Apezetxeak, eta aurkariari dagokionez, duen abiadura eta pibotarekin egiten duten jokoa nabarmendu ditu: «Valladolidek eta Ciudad Realek egiten duten jokoaren oso antzekoa da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo