Ixabel Etxeberria Irakaslea
Nafarroako parlamentua, Pauen
Pauen Nafarroako parlamentua dago. Bearnoren erdi-erdian, Nafarroak bere parlamentua dauka, Nafarroan goresten dute, baina ez dute euskaldunen historiarekin lotzen
Azken aste hauetan gertakari asko ikusi eta bizi izan ditugu. Nahasmendua sortu digute eta gogoetak eragin. Irati Tobarren atxiloketa Donibane Lohitzunen. Oso lasaiki antolatu zuten, ez zuten Endikarekin gertatutakoa errepikatu, sekulan kazetari bat gorderik zeukaten eta prentsan berriz ere agerian gertatzen zen militante politikoekin poliziak izaten duen tratua. Oraingoan portaera zaindu dute, polizia modernoaren irudia eman dute, profesionalak! Hala ere, hirurehun hautetsi baino gehiago euroaginduaren kontra agertu direla errepikatzea merezi du, tendentzia guztietako hautetsiak. Tendentzia desberdinetako hautetsiek aterpea eskaini ziotela Iratiri, zuzena ez den lege baten mehatxupean zegoelako. Alderdi Sozialistako hautetsiei ere, gaur egun departamenduko lehendakariorde Kotte Ezenarrori ere! Gaur berean Paueko gortearen aurrean agertuko da Irati. GALen garaian gorte hau eskuzabala izan zen behin eta berriz. Gaur egun prozedurak baizik ez ditu aipatzen euskal militanteen presondegiratzeko. Orduan GALekoak askatzen zituen.
Pauen Nafarroako parlamentua dago. Bearnoren erdi-erdian, Nafarroak bere parlamentua dauka, Nafarroa goresten dute, baina ez dute euskaldunen historiarekin lotzen, Frantziako Henri IV.arekin lotzen dute. Euskaldunak galtzen dira leku horretan, ez da ulertzen ahal, horrelako izena eraman eta euskaldunen estatu independentearekin nola ez den lotura gehiago egiten! Ezkerra indartua atera da hauteskundeetatik, Kotte Ezenarro lehendakariorde izendatzen dute, baina frantses nazionalista den ezkerra nagusitzen da agintean. Batzuek diote lehendakari berriak euskaldunak ez dituela gogoko. Jakinez Kontseilu NAgusiak eremu soziala eta kolegioak kudeatzen dituelarik, baduke horrek ondorio zerbait euskararen irakaskuntzan, eremu publikoan euskararen erabiltzeko ahaleginetan.
Hautetsi abertzale bakarrarekin jarraitzen du Kontseilu nagusiak, Hiriburuko auzapez Alain Iriartekin. Azken urte hauetan Hiriburuko auzapeza eskuinaren eskutik ibili zen Kontseilu Nagusian, eskuinarekin bozkatuz askotan. Duela gutxi, Abertzaleen Batasuneko kideak gogoratu du ezkerrekoa dela, bere alderdia bezala funtsean, eta begiratzen egonen dela ea zer politika erabakitzen den Pauen. Gaur egun ezkerra eta eskuinaren artean zer nolako desberdintasunak dauden kontuan hartuz, alegia, frantses ezkerrak duen proiektuak ez duela inondik hausten sistema kapitalistarekin, Iriartek bere eremuarentzat, bere eskualdearentzat bermatzen dituen proiektuen alde jokatzen jarraituko du. Baina gogoratzen digu bai eskuinak bai ezkerrak ez duela inongo proiekturik Euskal Herriarentzat, hemen egiten den ahaleginen araberan soilik erantzuten duela. Ikastolak bultzatzen baditugu, babesten erantzun beharko dute, bestenaz hizkuntza hiltzen utziko dute, gaur egun bezala irakasle postuak kentzen dizkigutelarik.
Nafarroako Parlamentua Baionara ekartzeko eginahaletan ari beharko gara parlamentu hau euskaldunen onetan aritzeko gisan, zazpi lurraldeak bilduko dituen parlamentu bakarra sortzeko bidean.