GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

BLOKE Zirkuitua

Boulder Liga 2011, arrakastaren bidetik blokeetan estutzen

Ohi den legez, Boulder Ligak ez dio urteroko hitzorduari huts egin, eta aurtengoan lau proba jokatu dira; horietako hiru, Gasteizen eta beste bat, Amurrion. Azpimarratzekoak: parte-hartzea eta sortutako giroa.

p051_f01_148x192.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu Gasteiz aldean antolatzen den Boulder Ligaren zirkuitua txalotzeko moduko ekimena dela. Eta aurtengo ekitaldiari dagokionez, bada ezin dugu atzera egin; ez horixe. Antolatzaileek indarrean jarritako formatua oso egokia delako diogu hori. Pena bakarra zirkuituaren hitzorduak soilik Gasteizen bertan eta noizean behin Arabako herri batean egiten direla da. Asko dira zirkuitu hori Euskal Herria osora hedatzearen aldekoak!

Formatuaren irudia nabarmendu nahi dugu, besteak beste, bere izaera herrikoia delako. Nahiz eta elite maila bat badagoen, aipatu behar dugu benetako elitekoek ez dutela parte hartzen. Eta maila horrekin batera beste bi dira: 18 urtez azpikoa eta herrikoa. Jakina, neska eta mutiletan.

Aurtengo Boulder Ligak lau proba izan ditu. Urtarrilaren amaieran hasi zen estadioko hitzorduarekin eta amaitu ere rokodromo berean. Berez, Hegoalden bukatu behar zuen, baina, greba bat tarteko, eraikinez aldatzera behartu zituzten. Bigarren proba K2-n jokatu zen eta hirugarrena, Amurrion.

Antolatzaileek baieztatu digutenez, oso pozik daude aurtengo ekitaldiak izan duen arrakastarekin: «Guztira, 70 bloke-eskalatzailek hartu dute parte, material zozketa pila bat egin dugu, oso bloke interesgarriak atondu dituzte, giroa bikaina izan da... Bai, zalantzarik gabe, aurtengo ekitaldia ere arrakastatsua izan da. Eskertzekoa da blokeak prestatu zituzten lagunek egindako lana».

Motibazio handia

Lau proba jokatu ondoren, lasai asko esan daiteke lehenbiziko sailkatuen artean ez dela alde handirik izan. Beste era batera esanda, oso sailkapen estuak izan dira.

18 urtez azpikoen mailan, nesketan, parte-hartzaile bakarra izan da: Jone Larrañaga. «Saiatzen gara maila horretan parte-hartzaile gehiago izaten, baina, zoritxarrez, ez dugu geure helburua lortzen. Pena da, baina ezin dugu gehiago egin», esan antolatzaileek. Mutiletan, berriz, Jon Azpilikueta izan da indartsuena. Bigarrena Beñat Moreno izan da eta Eneko Infante, hirugarrena. Guztira, 22 mutiko lehiatu dira.

Herrikoen mailan, nesketan 10 lehiakide izan dira. Eta horien artean onena Cristina Rey izan da. Haren atzetik, Maite Ariznabarreta eta Esti Otxoa sailkatu dira. 27 mutil izan dira zirkuituan. William Chiluisa sasoiko izan da proba guztietan, eta garaipena erdietsi du. Txus Esparza eta Mikel Cuesta bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren.

Eta elite mailak 18 lehiakide izan ditu: 5 neska eta 13 mutil. Nesketan, Irene Alvarezek jardun den 3 probak irabazi ondoren, garaipena eskuratu du. Lara Larrañaga eta Miriam Mulas atzetik sailkatu dira. Eta mutiletan, zalantzarik gabe, protagonista nagusi Jon Ferrero izan da; bat izan ezik, zirkuituko bloke guztiak poltsikoratu ditu. Bigarren sailkatua Ruben Osa izan da eta hirugarrena, Txomin Arantzamendi.

boulder liga

Aurtengo ekitaldiak 70 parte-hartzaile izan ditu. Antolatzaileek, besteak beste, bloke-eskalatzaileen motibazioa zein maila eta sortutako giroa nabarmendu nahi izan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo