GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Greg Long Urteko itsasgizona

SIMA surf enpresen elkarteak urtero egiten du sari banaketa. 2011ko itsasgizonaren saria Greg Longek jasoko du.

p054_f02_148x172.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Surfarekin eta olatuekin zerikusia duten produktuen ekoizleak biltzen dituen ekitaldi bat egiten dute urtero AEBetan. Bilkura Kalifornia hegoaldeko lekurik epelenetako batean izaten da, hondartza ederrak eta surf industria indartsu bat duen eremu batean, Laguna Beach famatuan, hain zuzen ere.

SIMA

Surf Industry Manufacturers' Association erakundea da ekitaldiaren antolatzailea. Abuztuko asteburu batean jende ezagun asko biltzen duen ekimen ugari antolatzen ditu, helburu bakar batekin, dirua biltzea alegia.

Bildutako dirua aurrez aukeratu eta hitzartutako erakunde jakin batzuentzat izaten da. SIMA antolakundeak erabakitzen du zein erakunderi eman dirua, eta horretarako, ingurumenaren babesa eta industriaren garapena ahalik eta ongien uztartzen saiatzen diren erakundeak hautatzen ditu. Ingurumenaren babesa eta «misio humanitarioak» sustatzeko diru bilketa bat da.

2006. urteaz geroztik, asteburu bakar batean egiten da hemezortzi elkarte eta erakunderentzako dirua biltzeko ekitaldia.

Ematen dituzten sarien artean hiru dira izendapen gisa banatzen dituztenak; urteko itsasgizona (Waterman of the year), urteko ekologista (Environmentalist) eta bizitzako lorpenak (Lifetime Achievement) saritzen dituzte.

1989an sortu zen SIMA. Surfaren industrian lan egiten zuten zenbait kide elkartu ziren, surfaren merkatua sustatzeko asmotan. Izen handiko enpresetako buruak bildu ziren, Kelly Woolsey (O'neill), Ron Lando (Style eyes) eta «Surfer» aldizkariko Pezman anaiak ( Steve eta Debbee).

1990. urtean Quiksilver markako zuzendaria, Bob McKnight, SIMAko lehendakari izendatu zuten, eta Gotcha-ko Michael Tomson berriz, lehendakariorde.

1992an Waterman's Ball ekimena antolatu zuten eta 25.000 dolarreko diru poltsa lortu zuten. Diruaren zati bat Surfrider fundazioari eman zioten eta beste zatia AEBetako surf federazioari eman zioten, bertako selekzioak Europara egin behar zuen bidaia ordaintzeko.

1993an egin zuten lehen aldiz urteko itsasgizona izendatzeko ekitaldia, eta hautatua Hobie Alter izan zen, surfaren industrian salmenta gehien egin dituen taulen egilea. Hobie Alterrek, lehen aldiz, beirazko zuntza eta foam kortxoa erabili zituen taulak egiteko eta horrek taulak arinago izatea ekarri zuen. Sekulako arrakasta izan zuen.

SARITUAK

1993. urteaz geroztik banatzen dituzte sariak. Lehen lau urteetan urteko itsasgizonaren saria baino ez zuten banatzen, baina 1997an ekologista bat ere izendatu behar zela erabaki zuten. 2001. urtean, berriz, hirugarren izendapen bat egiten hasi ziren, pertsonen bizitzaren ibilbideak kontuan hartuko zituena, eta bizitzako lorpenen saria asmatu zuten. Ordutik hiru izendapenak egiten dituzte.

Urteko itsasgizonaren izendapena jaso dutenen artean surflari oso ezagunak aurki ditzakegu, Tom Kurren (2010), Rob Machado (2009), Mark Occhylupo (2008), Lisa Andersen (2007), Andy Irons (2005), Kelly Slater (2004), Laird Hamilton (2003), Gerry Lopez (1999) eta Greg Noll (1998).

Urteko ekologistaren saria jaso duten surflariak aldiz, ez dira hain ezagunak, soilik Dave Rastovich (2010) eta Shaun Tomson (2002) surflarien izenak dira zerrendako gainerako izenen artean nabarmentzekoak direnak.

Lehena surflari profesionala da, nahiz eta txapelketetan parte hartzen ez duen, free surfer bat da, alegia erreportajeetarako eta iragarkietarako irudietan ateratzeagatik ordaintzen diote. Rasta ezizenarekin aurkezten duten surflari honen irudia natura maitatu eta errespetatzen duen surflari mistikoaren irudia da.

Bestea, Shaun Tomson, 1970eko hamarkadan izan zen surflaririk onenetako bat da. Munduko txapela ere eskuratu zuen 1977an. Surflariak izan behar duen jarrera etikoaz eta surfaren alde espiritualaz mintzo da, liburuak ere argitaratu izan ditu.

Bizitzako lorpenen sariak, pertsona batek bere bizitzan izan duen jarrera edo surf komunitatearen alde egin duen lana saritzeko banatzen dute. Pertsonaia karismatikoek jaso ohi dute sari hau. Zendutako norbait ere saritu izan dute. 2004. urtean esaterako, Kaliforniako surfaren historian izan den surflaririk probokatzaileena saritu zuten, Miki Dora.

Bi urte lehenago hil zen Dora, minbiziaren ondorioz, baina arrastoa utzi zuen gizona izan zen. Malibuko hondartzan hasi zuen bere surflari karrera Dorak. Gaztetan ezohikoa zen abilezia izan arren ez zituen txapelketak gustuko, eta gainera, horien kontra egiten zuen zuzen-zuzenean. Artikulu asko idatzi zituen gai horren inguruan, baina hautsak harrotzeko zuen dohaina, batez ere bere jarreran antzematen zitzaion. Behin baino gehiagotan bota zuen irabazitako saria jende artera edo lurrera, txapelketek errespeturik ez zutela merezi adierazteko.

Sari hauek banatzeko festa abuztuan izaten da, baina saria jasotzeko izendatutako pertsonak zeintzuk diren lehenago jakinarazten dute antolatzaileek. Berriki eman dituzte aurtengo sarien irabazleen izenak.

Urteko itsasgizona Greg Long izendatu dute. Urteko ekologista Jefferson Wagner, Zuma Jay. Eta bizitzako lorpenaren saria berriz, George Downing hawaiiarrak jasoko du.

ITSASGIZONA

Greg Long San Clementeko (Kalifornia) surflaria da. Oso ezaguna eta errespetatua da olatu handien eremuan. Izan ere, 27 urterekin itzelezko emaitzak bilduak ditu eta «munduko olatu handietako surflari gazte onena» izendatua izan da.

2003an Red Bullek antolatzen duen olatu handien txapelketa ezaguna irabazi zuen Afrikan. 2008an Mavericksen irabazi zuen txapela. 2009an Eddie Aikauren omenez Waimean egiten den txapelketa irabazi zuen, olatu handien zale den edozeinen ametsetako koroa. Munduko olatu handietako txapelketa garrantzitsu guztietara gonbidatu duten surflari bakanetako da eta emaitza esanguratsu asko bildu ditu gainera.

Olatu handietan ateratako irudi esanguratsu askotako protagonista ere bada Greg Long, baina itsasgizonaren saria uretatik kanpo egiten duen lanagatik eskaini nahi diote. Hain zuzen ere, itsasoaren eta ingurumenaren babesarekin zerikusia duten Surfrider, Save the Waves, Wildcoast eta The San Onofre Foundation elkarteetan egiten duen lana saritu dute.

EKOLOGISTA

Jefferson Wagner, Zuma Jay, pertsonaia oso ezaguna da Kalifornia hegoaldean, politikari izandakoa ere bada-eta.

Malibuko olatuak eta ingurumena babesten urte asko daraman abokatua da Wagner. 20 urte egin zituen Malibuko Udalean lanean eta ur zikinen itsasoratzearen kontrako kanpaina esanguratsu baten burua izan zen. Egun surf denda bat du eta Malibuko uraren kalitatea babesteko hainbat ekimen egiten jarraitzen du.

BIZITZAKO LORPENA

George Downing izan da izendatua. Olatu handien historian kondaira bizia da. Olatu handietarako materialaren lanketan garrantzi handia izan duen pertsonaia da. 1951. urtean olatu handietarako lehen surf taula diseinatu zuen. Eddie Aikau txapelketako zuzendaria ere bada, eta gainera, Koral arrezifeak, hondartzak eta itsasoa babesteko sorturiko Surfing Education Association elkarteko kide da.

DIRU BILKETA

Abuztuko asteburu batean egiten dute dirua biltzeko ekitaldia. Ingurumena babesten lan egiten duten elkarteentzako eta ekimen humanitarioak egiten dituzten erakundeentzako izaten da bildutako dirua.

SARIAK

Hiru izendapen egiten dituzte sariak banatzean: urteko itsasgizona, urteko ekologista eta bizitzako lorpenak. Aurten, hurrenez hurren Greg Long, Jefersson Wagner eta George Downing surflariek jaso dituzte sari horiek.

Greg Long

Kaliforniar honek olatu handien txapelketetan surflari batek bildu ditzakeen emaitza onenak lortu ditu, baina oraingo honetan jaso duen saria, uretatik kanpo zenbait elkarteetan egiten duen lanagatik jaso du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo